Gure Zirkuak Ispasterren amaituko du aurtengoz Bizkaiko egonaldia, ostiraletik

Gure Zirkua
GURE ZIRKUA
Publicado: miércoles, 6 julio 2022 17:46

BILBO, 6 Jul. (EUROPA PRESS) -

Gure Zirkuak Ispasterren bukatuko du aurtengoz Bizkaiko egonaldia, eta zortzi emanaldi eskainiko ditu Lea-Artibaiko herrian bi asteburutan, ostiralean hasita, uztailaren 8an. Euskal zirku ibiltariak aurten Bizkaian eskainiko dituen azken saioak izango dira, eta sarrerak salgai daude www.gurezirkua.eus webgunean.

Arduradunek jakinarazi dutenez, Araban eta batez ere Bizkaian egin ditu Gure Zirkuak bosgarren birako lehen hilabeteak. Bizkai utzi eta beste lurraldeetan murgildu aurretik, ordea, taldeak azken geldialdia egingo du kostaldean.

Luze joan da Gure Zirkuak lehenbiziko aldiz Lea-Artibai zapaldu zuenetik. Lehen biran izan zen, eta Ondarroa izan zen orduan karpa altxatzeko aukeratutako udalerria. Lau urteren ondoren eskualdera itzuliko da, sorreratik duen asmoetako bat betez, hiriburu eta herri handietara bisita egiteaz gain, zirkurik sekula ikusi ez duten herri txikietara ere iristea, hain zuzen.

Horrela, Gure Zirkuak zortzi emanaldi eskainiko ditu Ispasterren: uztailaren 8an (19:00etan), 9an (12:00etan eta 19:00etan), 10ean (12:00etan eta 19:00etan), 15ean (19:00etan) eta 16an (12:00etan eta 19:00etan).