Gurpil aulkiko saskibaloiko Europako Txapeldunen Ligako atariko faseetako bat Bilbon jokatuko da, asteburuan

Ezkerretik eskuinera: Asier Garcia, Itxaso Erroteta, Lorea Bilbao eta Alvaro Uriarte.
BILBOKO UDALA
Actualizado: martes, 28 enero 2020 14:16

BILBO, 28 (EUROPA PRESS)

Gurpil aulkiko saskibaloiko Europako Txapeldunen Ligako atariko faseetako bat Bilbon jokatuko da, ostiralean eta larunbatean, urtarrilaren 31n eta otsailaren 1ean. Kluben arteko Europako lehiaketarik handiena da, eta atariko faseko hiru egoitzetako bat izateko hautatu dute Bilbo, Albacete (Espainia) eta Cant (Italia) hiriekin batera.

Lorea Bilbao Bizkaiko Aldundiko Euskara, Kultura eta Kirol diputatuak, Itxaso Erroteta Bilboko Udaleko Gazteria eta Kirol Saileko zinegotziak, Alvaro Uriarte Bidaideak Bilbo BSR taldeko zuzendaritzako kideak eta Asier Garcia taldeko kapitainak agerraldia egin dute astearte honetan, Txurdinagako udal kiroldegian jokatuko den txapelketaren xehetasunak aurkezten.

Bost herrialdetako beste horrenbeste taldek jokatuko dituzte Europako txapelketa nagusiko final laurdenetarako bi plazak, hamar partidatan: RSV Lahn Dill (Alemania), Amicacci Giulianova (Italia), CS Meaux (Frantzia), TSK Rehah Merkezi (Turkia) eta Bidaideak Bilbo BSR (Euskal Herria). Bi plazak eskuratzen dituztenak azken edizioko finalisten kontra lehiatuko dira: Turingia (Alemania) eta Ilunion (Espainia).

Txapelketa ostiralean hasiko da, 11:15ean, Lahn-Dill Alemaniako txapeldunaren eta Bidaideak Bilbo taldeen arteko partidarekin. Ondoren, etenik egin gabe, CS Meaux Frantziako txapeldunaren eta Giulianova Italiako taldearen arteko neurketa jokatuko da, eta jarraian, Lahn-Dill alemanen eta Rehah Merkezi turkiarren artekoa. Arratsaldeko 18:00etan berriro izango da jokoan Bidaideak taldea, Giulanova italiarren kontra. Bi ordu eta laurden geroago, 20:15ean, eguneko azken partida jokatuko da, turkiarren eta frantsesen artean.

Larunbateko saio osoa bertatik bertara ikusi nahi dutenek 09:00etan egon beharko dute Txurdinagako udal kiroldegiko harmailetan, ordu horretan hasiko baita Giulianova eta Lahn Dill taldeen arteko partida. 11:15ean, Bidaideak taldeak Frantziako Meaux taldearen kontra jokatuko du, eta 13:30ean, berriz Turkiako Merkezik jokatuko du Italiako taldearen kontra. Alemanek eta frantsesek 15:45ean neurtuko dituzte indarrak, eta azken partida 18:00etan jokatuko da, Bidaideak taldearen eta Turkiako Merkeziren artean.

Sariak eta garaikurrak azken partidaren ondoren banatuko dira, eta, ekitaldi horretan, babesle eta antolatzaileak ez ezik, ekitaldian laguntzen duten erakundeetako ordezkari bat ere izango da.