Harkaitz Canok euskal poesia eramango du Bruselako Transpoesie jaialdira

Harkaitz Cano
ETXEPARE EUSKAL INSTITUTUA
Actualizado: martes, 26 septiembre 2017 12:02

BILBO, 26 (EUROPA PRESS)

Harkaitz Cano idazle lasartearrak urtero Bruselan antolatzen den Transpoesie poesia jaialdian parte hartuko du euskal olerkigintzaren ordezkari modura, Etxepare Euskal Institutuaren babesarekin. Jaialdiak Europako poetak biltzen ditu euren lanak aurkeztu eta errezitatu ditzaten, eta astearte honetan hasi da, Hizkuntzen Nazioarteko Egunarekin bat eginez.

Etxepare Euskal Institutuak jakinarazi duenez, Transpoesie zazpigarren urtez antolatu du EUNIC Brussels Europako Kultur Institutu Nazionalen Sareak; 2015etik, Etxepare Institutua EUNIC sareko kide da. Aurten ere, hainbat herrialde elkartuko dira Bruselako publikoari poesia errezitaldiak eskaintzeko jatorrizko hizkuntzan, frantseserako, ingeleserako eta alemanerako azpitituluekin.

Zehazki, jaialdiaren lehen ekitaldia astearte honetan izango da, Muntpunt Belgikako komunitate flandiarraren dokumentazio zentroan, eta, Harkaitz Cano idazle euskaldunarekin batera, EstradpoesiFI bikotea osatzen duten Malin eta Melinda Lonnberg (Finlandia), Zuzanna Fuksova (Txekiar Errepublika), Anja Golob (Eslovenia) eta Fatih Okumus (Turkia) poetak izango dira errezitaldiak eskaintzen.