Haur eta Lehen Hezkuntzako 740 plazen eskaintzan eskaerak aurkezteko epea ostiralean irekiko da

Enplegu Publikorako Eskaintza bateko azterketa
IREKIA
Actualizado: jueves, 23 febrero 2017 12:41

BILBO, 23 (EUROPA PRESS)

Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkariak (EHAA) ostegun honetan argitaratu du Euskadiko Maisu Maistren Kidegoan sartzeko hautaketa prozedura deitzen duen agindua, Haur eta Lehen Hezkuntzako 740 plaza eskaintzen dituena. Deialdia argitaratu ondoren, Eusko Jaurlaritzako Hezkuntza Sailak eskaerak aurkezteko epea irekiko du ostiralean, otsailaren 24an, eta martxoaren 15era arte zabalik egongo da.

Hezkuntza Sailak jakinarazi duenez, oposizio aldiak bi proba izango ditu, eta bakoitza bi zatitan egituratuko da. Proba bakoitza kanporatzailea izango da. Bi probetan lehena ekainaren 17an izango da, BECen, eta aukeratutako irakaskuntza espezialitateari buruzko berariazko jakintzak frogatzea izango du helburu.

Lehen probaren lehen zatian, izangaiek gai bat idatziz garatu beharko dute, espezialitate bakoitzeko gai zerrendatik epaimahaiak ausaz aukeratutako gaien artetik hautatuta. Bi ordu izango dituzte proba hau burutzeko. Ondoren, bigarren zatian, proba praktikoa izango dute -hau ere idatziz-, hautagaiek aukeratutako espezialitateari dagokion prestakuntza zientifikoa eta trebetasun teknikoak menderatzen dituztela frogatzeko.

Lehen probaren zati biak gainditzen dituztenek bigarren proba egin ahal izango dute. Bigarren proban, maiatzean entregatu behar izan duten programazio didaktikoa aurkeztu eta defendatu beharko dute hautagaiek epaimahaiaren aurrean ahoz, eta unitate didaktiko bat aurkeztu beharko dute ondoren.

Deialdi honekin, eta 2015ean eta 2016an egindako enplegu eskaintzen ondotik, Hezkuntza Sailak segida eman dio Enplegu Publikorako Eskaintzekiko izan duen politikari. Era berean, legealdi honetan urtero Enplegu Publikorako Eskaintza bat deitzeko konpromisoa ere berretsi du. "Familiei lanean nahiz eguneroko bizitzan segurtasun handiagoa ematea du helburu lan eskaintza honek, eta aldi berean egonkortasun handiagoa ematen dio hezkuntza sistemari ere, irakaskuntzaren kalitatean eragin zuzena baitute batak zein besteak", adierazi du.