Haurrentzako txertaketa egutegi berriak meningitisaren aurkako babes handiagoa ziurtatuko du

- IREKIA

Actualizado: lunes, 9 septiembre 2019 12:50

BILBO, 9 (EUROPA PRESS)

Euskal Autonomia Erkidegoan (EAE) haurrak txertatzeko indarrean dagoen egutegia aldatu egingo da ikasturte honetatik aurrera, eta, urrian hasita, C meningokokoari aurre egiteko txertoaren hirugarren dosia ordezkatuko da A, C, W eta Y meningokokoei aurre egiteko txerto tetrabalentearekin, populazioaren babesa areagotzeko aukera emanez.

Hala erabaki du Eusko Jaurlaritzako Osasun Sailak, Europan zein Ameriketako Estatu Batuetan eta Kanadan meningitis gisa ezagutzen den gaixotasun meningokozikoaren epidemiologian aldaketak gertatu direla hauteman ostean; izatez, W eta Y serotipoek eragindako kasuek pixkanaka egin dute gora.

Horrela azaldu du Nekane Murga Osasun sailburuak astelehen honetan Bilbon egindako prentsaurrekoan. Sailburuarekin batera egon dira Osasun Publikoaren eta Adikzioen zuzendari Juanjo Aurrekoetxea doktorea eta Txertaketen Aholku Batzordeko zuzendari Txema Arteagoitia doktorea.

Modu honetan, meningistisa saihesteko txertoaren hirugarren dosia 12 urterekin jartzen da -lehen dosia 4 hilabeterekin eta bigarrena 12 hilabeterekin_; hartara, ikasturte honetan, 2008an jaiotako neska-mutilen artean izango du jada eragina egutegian egin beharreko aldaketak, eta neska-mutil horiei jarriko zaie lehen aldiz txerto berria.

Haatik, hori ez da Osasun Sailak Txertaketen Aholku Batzordearen gomendioei jarraituz hartutako erabaki bakarra. Aldi berean, erabaki da ezohiko txertaketa kanpaina egitea meningokokoari aurre egiteko txerto berri horrekin; helburua da 2008 baino lehen jaiotako pertsonak babestuta geratzea, zehazki, 2001 eta 2007 artean jaiotakoak. Pertsona horiek jada jaso dute C meningokokoaren aurkako hirugarren dosia, baina txerto osagarri bat jasoko dute A, W eta Y serotipoen aurka babestuta geratzeko. "Ahalik eta inpakturik handiena lortu nahi da, arrisku taldeen immunitatea hobetuz, hau da, gaur egungo nerabeen immunitatea hobetuz", esan du Murgak

Ezohiko txertaketa kanpaina hori 13 eta 18 urte arteko 139.000 pertsonarengana baino gehiagorengana iristea lortu nahi da. Kasu horretan, txertaketa arian-arian egingo da, egutegi honi jarraituz: 2019-2020 ikasturtean, 2001, 2002 eta 2004an jaiotako gazteak; 2020-2021 ikasturtean, 2003 eta 2005ean jaiotakoak; eta 2021-2022 ikasturtean, 2006 eta 2007an jaiotakoak.

Urrian hasiko zaie 12 urteko neska-mutilei hirugarren dosiaren txertoa jartzen, eta 21.000 dosi baino gehiago erostea aurreikusi da. Bestalde, ezohiko txertaketa kanpaina urtarrilaren bigarren astean hasiko da eta ikasturte osoa iraungo du, bai eta hurrengo bi ikasturteak ere. Hurrengo hiru urteetan, guztira 13 eta 18 urte arteko 139.000 gazteri txertoa jartzea zenbatetsi da.

7,8 MILIOI EURO

Guztira, Osasun Sailak 7,8 milioi euroko aurrekontua du txertoaren 217.000 dosi erosteko, 2023ra arte. Dosi horiekin, 12 urteko populazioari ez ezik, kohorte gehigarriei ere jarri ahal izango zaizkie txertoak.

Txertaketa kanpaina hezkuntza ingurunean oinarrituko da batik bat. Hori dela eta, 2002 eta 2007 artean jaio direnei ikastetxean bertan jarriko zaie txertoa. Horretarako, gurasoei edo tutoreei informazioa emango zaie eta txertoa hartuko duen ikasle bakoitzari dagokion baimena eskatuko zaie. 2001ean jaiotako pertsonen kasuan, Euskal Autonomia Erkidegoko edozein unibertsitatetan jarriko zaie txertoa. Era berean, txertoa osasun zentroetan eskuragarri izango dute eskolaratuta ez dauden guztiek edo ikastetxean txertoa hartu ezin duten guztiek.

Murgak nabarmendu du txertoek garrantzi handia dutela gaixotasunak saihesteko garaian. Ildo horretan, eta Euskadin immunitate-tasak bilakaera positiboa duen arren -0,83 kasu 100.000 biztanleko-, adierazi du ezin diogula zelatan egoteari utzi, eta, hartara, txertaketa-egutegia betetzeko deia egin du, "erantzukizun egintza bat da eta".

Meningokokoa gaixotasun larriak eragin ditzakeen bakterio bat da, batez ere meningitisa -garuna eta bizkarrezur muina estaltzen duten mintzen inflamazioa- edo sepsia -inflamazio orokorra-. Haurrak eta nerabeak dira gaixotasun horrekiko esposizio handiena duten kolektiboak. Gaixotasun horrek bat-bateko sukarra, buruko min handia eta, askotan, goragalea eragiten du.