Haurreskolak Partzuergoak apirilaren 12an irekiko du datorren ikasturterako plaza eskatzeko epea

Archivo - Haur eskola bat Gasteizen
Iñaki Berasaluce - Europa Press - Archivo
Actualizado: miércoles, 7 abril 2021 11:33

BILBO, 7 (EUROPA PRESS)

Haurreskolak Partzuergoak apirilaren 12an irekiko du izena eman eta plaza eskatzeko epea, eta 2020an eta 2021ean jaiotako haurren guraso edo legezko tutoreek apirilaren 21era bitarteko tartea izango dute partzuergoko haur eskoletan plaza eskatzeko.

Partzuergoko zentroren batean lehen aldiz irailean, urrian edo azaroan sartu nahi duten haurrentzat irekiko da epea, eta eskoletan bertan edo sarean egin daiteke, www.haurreskolak.eus webgunean, Eusko Jaurlaritzako Hezkuntza Sailak asteazken honetan jakinarazi duenez.

Beraz, plaza bat eskatu nahi duten familiek honako egutegi hau hartu beharko dute aintzat: apirilaren 12tik 21era, eskariak ematea; ekainaren 2an, behin behineko zerrendak argitaratzea; ekainaren 3tik 16ra, behin behineko zerrendei erreklamazioak aurkeztea; ekainaren 30ean, behin betiko zerrendak argitaratzea; eta irailaren 6a, umeak haur eskolara hasteko eguna.

Gasteizko haur eskolen kasuan, izen-ematea herritarren arretarako udal bulegoetan egingo da (gizarte etxeetan), eta sarean egin nahi izanez gero, berriz, Gasteizko Udalaren egoitza elektronikoaren bidez.

Udaberrian irekitzen duen epeaz gain, Haurreskolak Partzuergoak urtean zehar beste bi izen-emate aldi ere zabaltzen ditu: urrian bata (abenduan, urtarrilean edo otsailean lehen aldiz sartuko diren umeentzat), eta urtarrilean bestea (martxoan, apirilean, maiatzean edo ekainean lehen aldiz sartu nahi dutenentzat).

Haurreskolak Partzuergoak 236 haur eskola ditu egun, Euskadiko 178 udalerritan, eta 8.567 plaza eskaintzen ditu 0-2 urteko etaparako. Haurreskolak Partzuergoan izena emateko prozedurari buruzko informazioa zehatzago nahi izanez gero, partzuergoaren webgunean dago eskura.