Heriotzak %8,2 gutxitu dira 2021eko lehen hiruhilekoan EAEn

Archivo - Derioko hilerria
BILBOKO UDALA - Archivo
Actualizado: martes, 21 septiembre 2021 11:25

BILBO, 21 (EUROPA PRESS)

Euskal Autonomia Erkidegoan (EAE) 5.990 pertsona hil dira 2021eko lehen hiruhilekoan, hau da, iazko epealdi berean baino %8,2 gutxiago. Aurreko urteetako datuekin alderatuz gero, 2020an, 2018an eta 2010-2019 epealdiko batez bestekoan baino heriotza gutxiago izan dira aurtengo martxoan. Sexuen arabera, 3.010 gizon eta 2.980 emakume hil dira, hots, %7,2 eta %9,1 gutxiago, hurrenez hurren, Eustat euskal estatistika erakundearen datuen arabera.

Hiru lurraldeetan jaitsi dira heriotzak, eta bereziki aipagarria izan da Araban gertaturiko jaitsiera: -%21,3 (761 heriotza gutxiago). Bizkaian %8,5 gutxitu dira heriotzak, 3.277 hildakorekin, eta Gipuzkoan %1,2 (1.952).

Urteko lehenengo hiruhilekoan izandako heriotzen artean, hamar hildako urtebetetik beherakoak izan dira (%0,2), eta 97 heriotza ehun urtetik gorakoenak (%1,7).

Heriotza kausa nagusiak tumoreak eta zirkulazio sistemako gaixotasunak izan dira, 1.472 eta 1.462 heriotza eragin baitituzte, hurrenez hurren; bien artean heriotzen %49 izan dira. Hirugarren heriotza kausa covid-19a izan da, 811 kasurekin (%13,5). Arnas arrazoiengatiko heriotzak laugarren heriotza kausa izan dira, 319 heriotzarekin (%5,3). Nerbio sistemako gaixotasunek eragindako heriotzak 311 izan dira (%5,2), eta digestio sistemako gaixotasunek eragindakoak 255 (%4,3).

Heriotzen kausak desberdinak izan dira sexuaren arabera: gizonezkoen artean, tumoreak hilgarriago gertatu dira zirkulazio aparatuko gaixotasunak baino; emakumezkoen artean, berriz, heriotza kausa nagusia zirkulazio aparatuko gaixotasunak izan dira, eta tumoreak bigarren.

EAEko hazkunde begetatiboa negatiboa izan da 2021eko lehen hiruhilekoan, 2.692 pertsona gutxiagorekin. Hiru lurraldeetan galdu da biztanlerik: Bizkaian 1.665 pertsona, Gipuzkoan 819 eta Araban 208.

COVID-19

Covid-19ak 811 heriotza eragin ditu EAEn 2021eko lehen hiruhilekoan, bi taldetan sailkatuak: 785 covid-19 egiaztatuaren ondorioz eta 26 covid-19 probablearen ondorioz. Gainera, beste 62 heriotzatan covid-19a heriotza kausa ziurtatuen artean egon da, baina funtsezko arrazoia izan gabe.

Lurraldeka, hildakoen zifrarik handiena Bizkaiari dagokio (476), gero Gipuzkoari (225) eta, azkenik, Arabari (110). Hiriburuei dagokienez, Bilbo nabarmendu da, koronabirusak eragindako 199 heriotzarekin; ondoren Gasteiz dator, 88 heriotzarekin, eta azkenik Donostia, 64rekin. Halaber, aipatzekoak dira Getxo (38) eta Barakaldo (29).

Gizonen heriotzen kopurua (444) emakumeena (367) baino handiagoa izan da; adinen arabera, berriz, eragin handiena jasan duten taldeak 80 urtetik gorakoak izan dira (548), eta, ondoren, 60-79 urtekoen taldea (236).

Covid-19ak eragindako heriotza gehienak EAEko ospitaleetan gertatu dira, %83rekin (2020ko lehen hiruhilekoan %81,4); ondoren, egoitza soziosanitarioetan, %8,8rekin (iaz %11); etxeetan, %7,6rekin (iaz %7,6); eta beste leku batzuetan, %0,6rekin (iaz %0).