Herritarren hizkuntza eskubideak bermatzeko sektore publikoak jarraitu beharreko irizpideak onartu ditu Jaurlaritzak

Jaurlaritzaern egoitza, Lakuan.
IREKIA
Actualizado: martes, 13 abril 2021 11:25

GASTEIZ, 13 (EUROPA PRESS)

Eusko Jaurlaritzako Gobernu Kontseiluak 'EAEko Administrazio Orokorraren eta hari atxikitako Sektore Publikoaren Hizkuntza Irizpideak' onartu ditu astaerte honetan. Administrazioaren barne zein kanpoko jardueretan euskararen erabilera sustatu eta erraztu nahi du horrela Lakuako gobernuak.

"Azken batean, EAEko herritar guztiek dute euskara eta gaztelania jakiteko eta erabiltzeko eskubidea, eta botere publikoei dagokie eskubide horiek errespetatzea eta betetzen direla bermatzea", adierazi dute Jaurlaritzako arduradunek.

Astearte honetan onartutako dokumentuak jarraibide batzuk ematen dizkie sektore publikoko langile eta arduradun politikoei, bi hizkuntza ofizialen erabilera finkatzeko administrazioaren esparru guztietan, besteak beste, errotulazioan, publizitatean, jendaurreko ekitaldietan, ingurune digitalean, herritarrekiko ahozko eta idatzizko harremanetan, administrazio barruko lan jardueretan, beste erakundeekiko komunikazioetan, eta dirulaguntza eta kontratuetan.

Horrez gain, onetsitako hizkuntza irizpideek oinarriak ezartzen dituzte sektore publikoko entitate guztietan erabilera planak diseinatzeko, ezartzeko eta ebaluatzeko.

Zehazki, hiru dira onartutako hizkuntza irizpideen helburu nagusiak. Alde batetik, herritarren hizkuntza eskubideak bermatu eta berdintasuna lortu nahi da herritar horiek sektore publikoarekin harremanetan jartzen direnean, horretarako behar diren ekintzak bultzatuz eta xede hori eragozten duten oztopoak gaindituz.

Halaber, euskararen erabilera normalizatzea eta sustatzea bilatzen da EAEko administrazio orokorrean eta hari atxikitako sektore publikoa osatzen duten gainerako erakunde guztietan, euskara ere zerbitzu hizkuntza eta lan hizkuntza izan dadin. Hirugarrenik, sektore publikoa euskararen normalizazioan eredu izatea eta jarraibidea eskaintzea lortu nahi da.

Jaurlaritzak onetsitako hizkuntza irizpideen arabera, EAEko erakundeek gaztelaniaren eta euskararen erabilera bermatu beharko dute, eta horretarako sektore publikoak euskararen erabilera gero eta gehiago erraztuko du, barneko jardueretan zein kanpoan zabaltzen direnetan.

Dagokien erakunde guztiek onartu beharko dituzte erabilera planak, eta jarduerak euskaraz egitea erabaki ahal izango dute, beti ere, errealitate soziolinguistikoak horretarako aukera ematen badu. Halere, une oro ziurtatu beharko zaiei herritarrei administrazioarekin harremanetan jartzeko hizkuntza aukeratzeko eskubidea dutela, idatzizko komunikazioetan zein ahozkoetan. Gainera, sektore publikoaren mendeko langile publikoek, herritarrekiko komunikazioetan, herritarrek kasu bakoitzean aukeratzen duten hizkuntza ofiziala erabiliko dute.

BARNE ETA KANPO KOMUNIKAZIOA

EAEko administrazio orokorrean eta hari atxikitako sektore publikoan euskara lan hizkuntza gisa erabiltzen dela bermatzeko, sektore publikoa bera onartutako irizpideetan oinarrituko da euskara bere prozedura eta jarduera guztietan modu orokor eta normalizatuan erabiltzeko.

Bestalde, EAEko gainontzeko administrazioekin harremanetan jartzean, eta sektore publikoa dokumentu igorlea denean, euskaraz edo ele bietan idatziko die EAEko beste administrazioei, eta idatzizko harremana euskaraz izatea eskatu dutenekiko harremana euskaraz izango da. EAEko beste administrazio batek egindako komunikazio bati erantzun behar bazaio, euskaraz edo ele bietan egingo da.

Dokumentuak zehazten duenez, sektore publikoak "kalitatezko komunikazioa sustatu behar du, estilo zuzen, egoki eta ulergarrian, herritarrek sektore publikoaren mezuak ahalegin handirik gabe ulertzeko eskubidea dutela jakinda". Kalitatezko komunikazioaren aldeko ahalegin hori eremu digitalean eta komunikazio telematikoan ere eman behar dela azpimarratzen dute hizkuntza irizpideek, beti ere, kontuan izanda komunikazio digitalak bere hizkuntza propioa duela.