Herritarren zerbitzura ari direnak herri horretako hizkuntzak ulertu eta erabiltzeko gai izan behar direla eskatu dute

Agurne Gaubeka hedabideen adierazpen egiten epaitegiaren sarreran.
BEHATOKIA
Actualizado: jueves, 12 diciembre 2019 12:38

Bilboko Udalak Arkaitz Zarragaren kasuan eman zuen erantzuna "lotsagarria" dela deritzo Hizkuntza Eskubideen Behatokiak

BILBO, 12 (EUROPA PRESS)

Hizkuntza Eskubideen Behatokiak adierazi du herritarren zerbitzura ari den pertsona oro herri horretako berezko hizkuntzak ulertu eta zuzentasunez erabiltzeko gai izan behar dela. Gainera, herritarren hizkuntza eskubideak bermatzea eta zerbitzu egokia eskaintzea badira helburuak, hori bermatzeko neurriak ezarri edo bermatzea erakunde publikoei dagokiela ziurtatu du Agurne Gaubeka Behatokiko zuzendariak, ostegun honetan.

Arkaitz Zarragaren aurkako epaiketaren harira egin ditu adierazpenak Gaubekak, Bilbon epaitegien aurrean, 2018ko abuztuaren 27an Bizkaiko hiriburuan gertaturikoen ondorioz kasu honek epaitegietan bukatu duela salatzeko. Izan ere, egun hartako gertakarietan, udaltzain batek Zarragari identifikatzeko eskatu zion eta, herritarrak euskaraz hitz egiteko eskubidea zeukala erantzutean, eztabaida izan zuen agentearekin eta isuna jarri zioten 'moxal legea' erabiliz eta desobedientzia egon zela argudiatuz. Isuna errekurritu eta ostegun honetan izan du epaiketa Zarragak.

Ildo honetan, Bilboko Udalak Zarragaren kasuan eman zuen erantzuna "lotsagarria" dela deritzo Gaubekak, eta gogoratu du, gainera, Bilboko Udalaren kasuan euskararen ordenantzarik ez izateak, "are larriagoa" egiten duela egoera eta herritarren eskubideen bermea berdintasunean ematea.

Gaubekak salatu du ez dela lehen aldia segurtasun indarrek "herritar baten hizkuntza eskubideak urratzen dituztela". Azaldu duenez, pasa den urtean Hizkuntza Eskubideen Behatokian hainbat herritarren kexa jaso zituzten Euskal Autonomi Erkidegoko (EAE) udaltzaingoarekin harremanak izatean euskara erabili eta beren hizkuntz eskubideak urratu zitzaizkiela esanez. Udaltzainekin ez ezik, gainerako segurtasun indarrekin ere egoera beretsua erreproduzitzen dela gaineratu du.

"Egoera ez da askoz hobea Ertzaintzan, eta bertan ere, urte guztietan jasotzen ditugu herritarren kexak ertzaintzaren zerbitzuetan hizkuntza eskubideen urraketak jasan dituztela salatuz. Izan ere, kontuan izan behar dugu, oraindik orain, 4.800 bat Ertzaintzako kidek ez dutela inongo euskara ezagutzarik eta duten ezagutza maila apalak zerbitzua euskaraz eman eta jaso ahal izatea baldintzatzen du", krikikatu du.

Ildo horretan, adierazi duenez, herritarrek udaltzainarekin zein bestelako segurtasun indarrekin izandako harremanen berezitasuna dela eta, "herritar askok botere harreman batetik eraikitakoa dela ikusten dute eta, ondorioz, udaltzaingoarekin harremana izatean euskara erabiliz gero, kasu askotan babesgabetasuna, erantzun txarrak edo bestelako ondorioak ekarri dizkietela ere salatzen dute".

"Zenbait kasutan herritarrek agintekeria nabarmentzen dute beren hizkuntza eskubideei muzin egin eta erdaraz hitz egin behar izatea nabarmendu dutelarik, isun eta ondorio larriagoren bat jasotzeko beldurra dela eta", gaineratu du.

"OZTOPOAK ETA GAIZKI ULERTZEAK"

Halaber, herritarra euskaraz mintzatu eta herri aginteek euskara ulertzeko gaitasunik ez izateak, "oztopoak eta gaizki ulertzeak" ere sortzen dituela gogoratu du, eta, ondorioz, salatu duenez, "euskaraz aritzen den herritarrari ez zaizkio bere eskubide guztiak maila berdinean bermatzen".

Gainera, salatu duenez, zenbait udaletan lanpostuen hizkuntza eskakizuna "apaldu" dute, beste zenbaitetan ez da udaltzaingoko departamentu guztietan euskara eskakizunik ezartzen, lan eskaintza publikoetan gelditzen diren lan poltsak hustean, uda garaian edo lan poltsak agortzean, lan eskaintza publiko orokorretako hautagaiak sartu dituzte askotan hizkuntza eskakizunik ez dutelarik, eta zenbait herritako larrialdi zerbitzuetan euskara profil gabeko lanpostuak izaten dira.

"Beraz, errealitateak erakusten digu, hizkuntza eskakizuna ez dela herritarrekiko zerbitzuan behar beharrezkoa den eskakizun bezala hartzen zenbait erakunderen aldetik", nabarmendu du Hizkuntza Eskubideen Behatokiko zuzendariak.

Gainera, adierazi du hizkuntza eskakizunik gabeko lanpostuetara sartu diren langileen euskalduntzean "ezer gutxi" egin dela eta, "herritarra era egokian artatzeko betebeharra izan beharrean", euskara ikastea lanpostu askotan "erabat boluntarioa" dela.

"Nola azaltzen dio herritar batek pasatu zaiona edo behar duena agintari bati, bertoko hizkuntzan azaldu ezin ez badio? Nola jakingo du agintariak herritarra desobeditzen ari den edo ez, esaten ari dena ongi ulertzen ez badu?", galdetu du.

ARDURA

Halere, ziurtatu duenez, egoera horen ardura ez da osoki "udaltzaingoa edo bestelako segurtasun indarren parte diren pertsonengan jarri behar", baizik eta, "herritarren eskubideak bermatzea eta zerbitzu egokia eskaintzea badira helburuak, hori bermatzeko neurriak ezarri edo bermatzea erakunde publikoei dagokie".

"Erakunde publikoak izan behar dira herritarra babesgabetasunean egongo ez dela bermatzen duten bakarrak eta horretarako herritarren zerbitzura ari den pertsona oro, herri horretako berezko hizkuntzak ulertu eta zuzentasunez erabiltzeko gai izan behar da", nabarmendu du.

Beraz, Bilboko Udalak Arkaitz Zarragaren kasuan eman zuen erantzuna "lotsagarria" dela deritzo, eta gogoratu du, gainera, Bilboko Udalaren kasuan euskararen ordenantzarik ez izateak, "are larriagoa" egiten duela egoera eta herritarren eskubideen bermea berdintasunean ematea.