Hezkuntza Sailak 533 plaza eskainiko ditu datorren ikasturtean ingeles, frantses eta aleman ikastaroak egiteko atzerrian

Ikasleak ikasgela batean.
DIPUTACIÓN. - Archivo
Actualizado: martes, 6 agosto 2019 11:59

DONOSTIA, 6 Ago. (EUROPA PRESS) -

Eusko Jaurlaritzako Hezkuntza Sailak 2019-2020 ikasturterako ere Alemanian, Frantzian, Irlandan eta Erresuma Batuan hizkuntza ikastaroak egiteko egonaldietarako 533 plaza eskaintzen ditu. Derrigorrezko Bigarren Hezkuntzako (DBH) 3. eta 4. mailetako zein Batxilergoko lehen eta bigarren mailetako ikasleei zuzenduriko ikastaro hauek hurrengo udan burutuko dira, Eusko Jaurlaritzatik adierazi dutenez.

Uda honetan ere 533 euskal ikaslek hizkuntzak ikasteko egonaldi hauetan parte hartu dute, edo parte hartzen ari dira egunotan oraindik, 2018-2019 ikasturteko deialdiari esker. Horrela bada, 20 ikaslek egin dute dagoeneko hiru asteko egonaldia Alemanian; beste 50 Frantzian izan dira; 198 euskal ikasle Irlandan; eta Erresuma Batuan, berriz, 265.

Hezkuntza Sailak 2019-2020 ikasturteko lehen hiruhilekoan irekiko du 2020ko udako ikastaroetarako izena emateko epea. Plaza horietako bat eskuratu nahi duten ikasleek bete beharreko baldintzak, honako hauek dira: aukeratutako hizkuntzan edo hizkuntzetan gutxienik zazpiko nota eskuratu izana aurreko ikasturtean, aurreko ikasturteko bataz besteko nota eta hautatutako hizkuntzan jasotako notaren arteko batuketan 16 puntu edo gehiago lortu izana, ikasleak eskatzen duen plazari dagokion hizkuntza ikasia izan behar du aurreko bi ikasturteetan eta 2020an, gehienez ere, 19 urte betetzea.

Hezkuntza sailak 847.038 euro bideratuko ditu deialdi honetarako. Egonaldi bakoitzak, gastuak hauek hartzen ditu barnean: joan etorriko bidaia, Euskadiko hiru hiriburuetatik egonaldia burutuko den herrialdeko hiriraino; bidaia asegurua; matrikula eta ikasketa materiala; ostatua; jatorduak; eta ikastaroa burutuko den ikastetxerainoko hiri garraioa.