Hiru gizon atxilotu dituzte Zarautzen (Gipuzkoa) dokumentazio faltsua eta bi arma labur simulatu eramateagatik

Actualizado: viernes, 18 febrero 2011 18:10

DONOSTIA, 18 Feb. (EUROPA PRESS) -

Ertzaintzaren Errepideko Delituen ataleko agenteek nazionalitate georgiarreko hiru gizonezko atxilotu zituzten atzo Zarautzen (Gipuzkoa), Ap-8 autobidean geldiarazi ondoren, Suediako matrikula zeukan auto batean. Agenteek dokumentazio guztia kendu zieten, ustez faltsuak ziren nortasun agiriak, pasaporteak eta gidabaimenak zeramatzatelako. Gainera, ekipajean bi arma labur simulatu zeramatzaten, Eusko Jaurlaritzako Herrizaingo Sailak jakinarazi duenez.

Atxiloketak atzo eguerdian izan ziren, Ap-8 autobidean, Zarauztik igarotzean. Errepideko delituak prebenitzeko lanak egiten ari ziren ertzainek Suediako matrikula zeukan auto bat geldiarazi zuten; barruan zenbait lagun zihoazen, ekipaje ugarirekin.

Ertzainek autoan zihoazen lau lagunak identifikatu zituzten; hiruk zenbait dokumentazio, nortasun gutun eta gidabaimen erakutsi zituzten, baina agiriok ez zuten mota honetako dokumentazioek izaten duten nazioarteko segurtasun elementurik. Gainera, kasuren baten, argazkia manipulatuta zegoen argi eta garbi. Ertzainzak uste du internet edo legez kanpoko merkatuan lortu dituztela agiriok diruaren truke. Halaber, ekipajean ezkutatuta zegoen poltsa bat ere aurkitu zuten; poltsaren barruan bi arma labur simulatu zeuden.

Ertzaintzaren patruilako agenteek hiru inplikatuak atxilotu zituzten -25 eta 31 urte arteko gizonezkoak- agiriak faltsutzearen ustezko delitu bat egotzita. Atxilotuak gaur eraman dituzte epailearengana, ikerketak jarraitzen duen bitartean.