Hizkuntza gutxituen inguruko legez besteko proposamena datorren astean eztabaidatuko da Kongresuan

Estatuko hizkuntza gutxituen eragileak Madrilgo Kongresuan, iazko otsailean.
KONTSEILUA
Actualizado: viernes, 5 marzo 2021 11:21

BILBO, 5 (EUROPA PRESS)

Hizkuntza gutxituen inguruan hamar alderdi politikok elkarrekin aurkezturiko legez besteko proposamena eztabaidatuko da Espainiako Kongresuan datorren asteartean, martxoaren 9an, Euskalgintzaren Kontseiluko iturriek ostiral honetan jakitera eman dutenez.

BNG, Compromis, CUP, EAJ, EH Bildu, ERC, JxCat, Más Madrid, PDCAT eta Unidas-Podemos alderdiek aurkeztu zuten legez besteko proposamena, joan den abenduan. EH Bilduren ekimenez iritsiko da datorren asteartean Kongresura, eta arratsaldeko bilkuran eztabaidatu eta bozkatuko da.

'Hizkuntza-aniztasuna: askatasuna, berdintasuna eta demokrazia' manifestua dago legez besteko proposamenaren oinarrian. Nogara, Iniciativa Pol Asturianu, A Mesa Pola Normalización Lingüística, Acció Cultural del País Valencià, Ciemen, Escola Valenciana, Obra Cultural Balear, Ómnium, Plataforma per la Llengua eta Euskalgintzaren Kontseilua eragileek 2020ko otsailean aurkeztu zieten manifestua alderdiei, eta hizkuntzen berdintasunaren eta aniztasunaren aldeko konpromisoa eskatu zieten. Hala egin zuten alderdiek, Kongresuan legez besteko proposamena aurkeztuta.

Paul Bilbao Kontseiluko idazkari nagusiak uste du "une garrantzitsua" dela. "Espainiako Estatuak ez du nahi izan hizkuntza aniztasunera egokitu. Hori berriro geratu da agerian Europaren aurrean: Eskualdeetako edo Eremu Urriko Hizkuntzen Europako Gutuna berretsita badu ere, Espainiako Gobernuak ez ditu bete Europako Kontseiluaren Aditu Batzordearen hizkuntza gomendioak. Hala jakinarazi berri dio Kontseiluak ere Estrasburgori", gogorarazi du.

Bilbaoren iritzian, "horregatik da hain garrantzitsua Kongresuko eztabaida: gaztelera ez beste berezko hizkuntza dugunok sufritzen dugun diskriminazioarekin amaitzeko aukera dute alderdiek, eta hizkuntza aniztasunaren eta eskubideen alde egin. Demokraziarentzako oinarrizkoa da hori, herritarrek eskubidea dugulako berdintasunean hartuak izateko, eta, hizkuntza eskubideak bete ezean, nekez lortuko da hori".