Hizkuntza politikan lankidetzan jarraituko dute Jaurlaritzak, Nafarroako Gobernuak eta Euskararen Erakunde Publikoak

Hizkuntza politikan lankidetzan jarraituko dute Jaurlaritzak, Nafarroako Gobernuak eta Euskararen Erakunde Publikoak
IREKIA
Actualizado: lunes, 15 abril 2019 14:03

BILBO, 15 (EUROPA PRESS)

Eusko Jaurlaritzak, Nafarroako Gobernuak eta Iparraldeko Euskararen Erakunde Publikoak hizkuntza politika gaietan lankidetzan aritzeko konpromisoa berretsi dute hirugarren urtez jarraian, astelehen honetan, Hiruko Itunaren baitan. Euskararen Erakunde Publikoak Baionan duen egoitzan egindako agerraldian, hiru erakundeek 2017an sinatu zuten akordioaren aurtengo eranskina aurkeztu dute, 2019an zehar lankidetzan burutuko diren ekimenak zehazte aldera.

Helduen euskalduntzean, hizkuntza gaitasunen egiaztapenean, euskararen erabileraren sustapenean edota euskararen inguruko ikerketan lanean arituko dira hiru erakundeak elkarrekin. Era berean, Hiruko Itunari esker azken urtean burututako ekimenen berri eman dute agerraldian hiru herri erakundeek.

Bingen Zupiria Eusko Jaurlaritzako Kultura eta Hizkuntza Politikako sailburuak, Ana Ollo Nafarroako Gobernuko Herritarrekiko eta Erakundeekiko Harremanetako kontseilariak eta Beñat Arrabit Euskararen Erakunde Publikoko presidenteak parte hartu dute prentsaurrekoan. Adierazi dutenez, 2017ko uztailaren 3an Iruñean sinatutako Hiruko Itunaren ondorioz, euskararen lurralde osoan hizkuntza politika kudeatzeko ardura duten erakundeen artean "inoizko elkarlanik eraginkorrena" garatzen ari da.

Hiruko Itunean jaso zenez, hiru erakundeek urtero zehaztu behar dute zertan gauzatuko den hizkuntza politikaren inguruko lankidetza, eranskin baten bitartez. Astelehen honetako aurkezpenean 2019ari dagozkion xehetasunak azaldu dituzte. Aurten bost dira jorratuko diren lan ildoak: Hezkuntza eta helduen euskalduntzea; Euskararen erabileraren sustapena; Euskararen aldeko sentsibilizazioa eta gogoeta guneak; Ikerketa soziolinguistikoa eta euskararen corpusa; Lankidetza Europako markoan.

Hezkuntzari dagokionez, ikasleen mugikortasuna eta trukeak erraztea adostu dute. Horretarako diagnosi bat egingo da eta familien beharrei erantzuteko proiektu pilotu bat definituko da. Ikasketak euskaraz jarraitu nahi dituzten ikasleei Euskal Autonomia Erkidegoko (EAE) unibertsitateetako sarbidea errazteko, aukera ezberdinak aztertuko dira selektibitatea oztopo gaindiezina izan ez dadin.

Hiruko Itunari esker 2018an jaiotako Eskola Futura proiektua ere sustatuko da aurten. Euskadi-Nafarroa-Akitania Berria Euroeskualdearen baitako ekimenaren helburua da mugaren bi aldeetako Iraskasle Ikasketetako ikasleak irakasle elebidunak bihurtzea, hau da, Hegoaldekoek frantsesa ikastea Iparraldean lan egiteko, eta Iparraldekoek, euskara ez dakitenek, euskara Hegoaldean ikastea urte bat edo bi urteko formakuntza intentsiboak segituz. Horrez gain, Euroeskualdearekin eta Euroeskualdeko Unibertsitateekin elkarlanean diploma edo titulu binazionalak sortzeko aukerak aztertuko dira.

Helduen euskalduntzeari dagokionez, hiru erakundeek hainbat neurri adostu dituzte arloa egituratzeko helburuarekin. Besteak beste, 2019rako adostu da helduen euskalduntzean dauden laguntza dispositiboen diagnosia egitea, EAEn egiten ari diren ikerketak baliatuz. Horrez gain, adostu da Eusko Jaurlaritzak garatu duen Helduen Euskalduntzearen Oinarrizko Curriculuma Nafarroari egokitzeko bidea aztertzea, mailak lortzeko behar diren eskola orduak zehaztuz eta adostuz. Era berean, helduen euskalduntzean ari diren profesionalei aukera emango zaie helduentzako euskararen irakaskuntzan erakunde bakoitzak antolaturiko prestakuntza ekintzetan parte hartzeko.

Hizkuntza gaitasunen egiaztapenari dagokionez, Iparralderako, Eusko Jaurlaritzako Baliokidetza batzordearekin B1 mailako agiriaren baliokidetza gauzatzeko azken urratsak emango dira. Azkenik, Nafarroako Gobernuak eta Eusko Jaurlaritzak gaia bere osotasunean aztertzea adostu dute, administrazio bakoitzak dituen ziurtagiriak ezagutzeko, egiaztagintza sistema bateratzea edota baliokidetzea helburutzat hartuz.

ERABILERA

Euskararen erabileraren kasuan, gazteei zuzendutako egitasmoak, ingurune digitalari lotutakoak eta arlo sozioekonomikoaren gainekoak lehenetsiko dira aurten. Horrela, aztertuko da hiru erakundeen elkarlana eramatea Euskarabentura, Bertso Udalekuak, Mingaina dantzan edota Euskal Kirolari bezalako proiektuetara.

Mugaz gaindiko egonaldi proiektu esperimental bat antolatzea ere aztertuko dute hiru herri erakundeek eta, ingurune digitalari dagokionez, Euskarazko Wikipediaren proiektuaren inguruan sustatuko da elkarlana.

Arlo sozioekonomikoari erreparatuz, lehenik eta behin hiru lurralde eremuetan arlo sozioekonomikoan euskara sustatzeko dauden praktikak eta ekimenak ezagutzea eta aztertzea bilatuko da. Horren ondoren, lurralde bakoitzaren errealitateak kontuan hartzen dituzten enpresak laguntzeko moduak aztertuko dira.

EUSKARALDIA

Euskararen inguruko sentsibilizazioari dagokionez, herritarren aktibazioa sustatzeko eta erabilera bultzatzeko, Euskaraldia da hiru erakundeak partekatzen ari diren programa nagusia. Eusko Jaurlaritzak eta Topaguneak proiektua proposatu ostean, hiru erakundeak izan ziren sustatzaile lehendabiziko edizioan eta hirurak izan zituzten ordezkariak Euskaraldia koordinatzeko batzordean.

Horrela, Eusko Jaurlaritza, Nafarroako Gobernua eta Euskararen Erakunde Publikoa berriz ere izango dira sustatzaile 2020an egingo den bigarren edizioan. Era berean, erakundeek elkarrekin hartuko dute parte Euskaraldiaren eraginkortasuna neurtzeko azterlan batean.

Bestalde, hiru erakundeek izango dituzte kideak Euskararen Aholku Batzordean eta HAKOBAko batzordeetan. Halaber, erakunde bakoitzak antolatzen dituen gogoetaldi gune eta ekitaldietan gainontzeko erakundeen parte hartzea bilatuko da.

Ikerketa soziolinguistikoaren alorrean, elkarlana batik bat Euskararen Adierazle Sistemaren (EAS) inguruan sustatuko da. 2017ko abenduan aurkeztu zuten hiru erakundeek EAS, Gipuzkoa, Araba eta Bizkaiko aldundiekin batera. Tresnak euskararen egoeraren inguruko informazioa era planifikatuan eta sistematikoan eskaintzen du, hainbat adierazleren bitartez. Euskararen lurralde osoa hartzen du barne eta hainbat ikerketa ezberdinetatik ateratako datuak eskaintzen ditu.

Europako Eskualde Garapenerako Funtsak proiektuaren %65 ordaindu du, Espainia-Frantzia-Andorra Interreg V-A programaren bitartez (POCTEFA 2014-2020). Orain, 2019an zehar erronka izango da Euskararen Adierazle Sistema garatzea eta lurralde bakoitzaren errealitateak hobeto hartzea kontuan. Horrez gain, Euskaraldiaren emaitzen ikerketa burutuko da eta komunikabideei buruzko azterketen metodoa partekatuko da.

Halaber, euskararen corpusa handitzeko bidean, parte hartzaileek 2019rako adostu dute Hegoaldean garatu diren dispositiboak aztertzea. Bestalde, Euskararen Aholku Batzordearen Terminologia Batzorde Atal Berezian hiru lurraldeetako adituak integratuko dira eta Eusko Jaurlaritzako terminologia adituekin lankidetza egonkortuko da, Iparraldeari berezituak zaizkion terminoak sartuz Euskalterm terminologia datu basean.

Azkenik, 2019rako, hiru erakundeek adostu dute, aukeren arabera, proiektuak aurkezten jarraitzea europar finantzaketa lortzeko eta elkarrekin lan egitea POCTEFAren etorkizuneko programa operatiboetan hizkuntza politika lehentasunezko inbertsio gisa integratzeko.

ERAGINKORTASUNA

Agerralduian egindako adierazpenetan, Bingen Zupiriak hitzarmenaren eraginkortasuna nabarmendu du: "Euskararen lurralde osoan hizkuntza politika kudeatzeko ardura dugun erakundeon arteko inoizko elkarlanik eraginkorrena" da.

Ana Ollok azpimarratu du Hiruko Ituna "garrantzi handikoa" dela Nafarroaren ikuspuntutik: "Antolatutako lankidetza, interesen trukaketa, ezagutza, jakituria eta esperientziak elkarbanatzeko lana benetan eskertzekoa da".

Azkenik, Beñat Arrabitek lankidetzaren "izaera estrategikoa" azpimarratu du: "Hizkuntza politikan garrantzitsua da partekatzea bakoitzak daukan esperientzia, jakitatea eta informazioa. Lankidetza teknikoa ere funtsezkoa da, eta badaude beste gai batzuk estrategikoak direnak: helduen euskalduntzea, adibidez".