Holandan lapurturiko auto baten gidaria atxilotu dute Eskoriatzan (Gipuzkoa)

Talka txiki bat gertatu zen lapurraren bidea oztopatzean
Herrizaingo Saila
Actualizado: jueves, 5 enero 2012 12:38

DONOSTIA, 5 Ene. (EUROPA PRESS) -

Ertzaintzaren Errepideko Zaintzako Talde Bereziko (ETEN) agenteek Holandan lapurturiko auto bateko gidaria atxilotu zuten asteazken arratsaldean Eskoriatzan (Gipuzkoa). Atxilotuak gelditu gabe igaro zuen Biriatuko mugako kontrol-gunea eta Bilboko noranzkoan ihes egin zuen, Ertzaintza eta Guardia Zibila atzetik zituela, Eusko Jaurlaritzako Herrizaingo Sailak jakinarazi duenez.

Asteazken arratsaldeko 16:30 aldera, Hendaiako nazioarteko komisariako informazioa jaso zuen Ertzaintzak, Biriatuko kontrola gelditu gabe igaro zuen auto baten inguruan. Komunikazioaren arabera, Holandan lapurtua izan zen auto bat zen, eta gidariak, beste auto baten kontra talka egin ondoren, ihes egin zuen AP-8 autobidetik Bilboko noranzkoan.

Patruilak ohartarazita, Ertzaintzaren ETEN taldeko agenteek Itziar gainetik igarotzean detektatu zuten autoa. Inguruko komisariei berri eman ondoren, Ertzaintzaren eta Guardia Zibilaren zenbait auto gidariaren parean jarri ziren eta, argi eta megafonia bidez, gelditzeko esan zioten. Gidariak ez zuen kasurik egin eta ihesean jarraitu zuen modu ausartegian.

Errepideko gainontzeko erabiltzaileentzako arriskuak ekiditeko asmoz, polizien autoek lapurturiko ibilgailua inguratu eta bidea oztopatu zioten, Aretxabaletako Apotxaga tunelaren parean gelditzera derrigortuz. Maniobraren ondorioz, talka txiki bat gertatu zen lapurturiko autoaren eta poliziaren auto baten artean, baina kalte pertsonalik izan gabe.

Azkenean, ETEN taldeko agenteek gidaria atxilotu zuten, nazionalitate holandarreko 32 urteko gizonezko bat, ibilgailu baten lapurreta, segurtasuneko agenteekiko desobedientzia eta ausartegi gidatzearen delitu bana egotzita.