Hondarribiko Udalak Alardearen inguruko gatazkari irtenbide partekatu bat bilatzen jarraituko du

Archivo - Jaizkible konpainia Hondarribiko desfilean (Gipuzkoa)
EUROPA PRESS - Archivo
Europa Press País Vasco
Actualizado: lunes, 24 agosto 2026 15:52

DONOSTIA 24 (EUROPA PRESS)

Hondarribiko Udalaren (Gipuzkoa) helburua konponbide sendo eta iraunkorra lortzea da, eta horretarako ezinbestekotzat jotzen du eragile inplikatuen artean partekatutako akordioa eta elkarrizketa Hondarribiko Udalak Alardearen inguruan urteetan luzatu den gatazka sozialari heltzeko egindako lana berretsi eta orain arte egindako urratsen berri eman du, aurtengo Alardearen atarian.

Udal Gobernuaren ustez, "gatazka honen konponbide sendo, iraunkor eta egonkor batek partekatua izan behar du". Horregatik, helburu hori jasota geratu zen 2023-2027 agintaldi planaren baitan, eta azken urteotan hainbat ekimen eta elkarrizketa saio sustatu dira norabide horretan.

Udalak adierazi duenez, "urteetan Udaletik bideratutako ekimen ezberdinen artean, gaur honakoa azpimarratu eta zabaldu nahi dugu: iazko Alardea amaitu eta aste gutxira, 2025eko urriaren 2an, Udalak, Hondarribiko Alardearen Ondarea Sustatzeko Elkarteak (HAOSE) eta Jaizkibel Konpainiak hiru aldeko hitzarmena sinatu zuten, Alardearen inguruko gatazka sozialean elkar ulertzea eta konponbide partekatuak bilatzea helburu zuen bitartekaritza prozesu bati ekiteko".

Hitzarmen horrek, beraz, ez zuen Udalaren aldebakarreko ekimen bat planteatzen, baizik eta, besteak beste, Alardearen antolaketan zuzenean inplikatutako bi eragileekin adostutako prozesu bat. Era honetako prozesu batean, Udaleko ordezkariek profesional ezberdinen laguntza bilatu dute.

Kasu honetan, urteak Hondarribian lanean daraman Baketik Fundazioarekin egin da, elkarte honek eskarmentua duelako Alardearen inguruan dituzten elkarrizketa gune ezberdinetan, hala nola, Bozeramaileen mahaian, Erakunde artekoan, edota gizartean ireki diren topaketetan, denak Gobernu Planean Alardearen gatazkaren konponbideari dagozkion helburuekin lotuta.

Testuinguru horretan, Udalak Baketik Fundazioa izendatu zuen HAOSE, Jaizkibel konpainia eta Udala batuko zituen prozesu berrirako, bitartekari profesional gisa, gatazka sozialetan egiaztatutako esperientzia duen erakunde gisa eta HAOSEk eta Jaizkibelek onartutakoa.

Horrela, prozesu horretan, eta Baketik Fundazioak lagunduta, hainbat hilabeteetan zehar elkarrizketa sorta bat egin da. Zehazki, bi bilera egin dira Udalaren eta Jaizkibelen artean, eta paraleloki eta metodologia berdinarekin, beste bi Udalaren eta HAOSEren artean, guztira lau bilera bilateral, prozesuaren hasierako fase gisa.

Hasierako pausu hauetan aurrerapenak eman ziren, geroago HAOSEk adierazi zion udalari prozesu horretatik bertan behera gelditzen zela. Udalak arduratuta hartu du HAOSEn erabakia, Alardearen auzian egoera hobetu zezakeen bideak eraikitzen ari baitziren.

Azken hilabeteotan eragile bakoitzarekin beste bilera batzuk mantendu dituzte, egoera argitze aldera eta Hitzarmenetik sortzen zen prozesua zaintzeko asmoz. Helburua, beti bezala, elkarrizketari ekitea izango da, nahiz eta momentuz ez den horrelakorik lortu.

Udalak azpimarratu duenez, "gatazkari aurre egiteko herrian sustatzen den prozesua ez dela eragile sozialen arteko elkarrizketara mugatzen". "Eragileen rolaz aparte, ezinbestekotzat jotzen dugu herritarren partehartzea, Hondarribian bizi garenon ahotsa eta ikuspuntua ere gatazkaren konponbidearen bidean gehitzeko", gehitu du.

Baketiken lana ez da bi eragileen arteko bitartekaritzara mugatzen: besteak beste, beste taldeekin elkarrizketa aukerak aztertzea, Udalari aholkularitza ematea, Bozeramaileen Mahaiari eta Erakunde arteko Mahaiari laguntzea, eta udalerrian elkarrizketaren kultura sustatzea aurreikusten du.

HAOSE, Jaizkibel eta Udalaren arteko elkarrizketa zehazki kontuan izanda, Baketiketik honakoa partekatu dute, "esperientziak erakusten digu gatazka egoeretako elkarrizketa prozesuak ez direla linealak: lana, konpromisoa eta denbora behar dituzte". "Orain arteko urratsek erakusten dute iraganean izandako tentsio egoeretatik aldendu eta aurrera egiteko borondatea badagoela" azpimarratu du.

Alardearen inguruko gatazkaren konponbidea konplexua da. Horregatik, Udalak adierazi du abiatutako prozesuarekin konponbide baterako baldintzak eraikitzen jarraitzea dela helburua. Ildo horretan, beharrezkotzat jotzen du prozesuaren alde egitea, nahiz eta une jakin batzuetan elkarrizketarako baldintzak zailak izan.

Contador

Contenido patrocinado