Humanitate digitalen inguruko euskarazko hiru proiektu saritu dituzteEuskal Wikipediako Kultur Elkarteak eta UEUk

Ehumanitateei Buruzko Ueuren Jardunaldi Bat.
UEU
Publicado: martes, 3 diciembre 2019 13:33

BILBO, 3 Dic. (EUROPA PRESS) -

Udako Euskal Unibertsitateak (UEU) eta Euskal Wikipediako Kultur Elkarteak (EWKE) humanitate digitalen inguruko euskarazko hiru proiektu saritu dituzte. Proiektu bakoitzak 5.000 euro jasoko ditu eta bakoitzaren arduradunek zortzi hilabete izango dituzte ikerketa lana egiteko.

UEUko iturriek gogoratu dutenez, bi erakundeek ikerketa deia egin zuten joan den urrian humanitate digitalen inguruko euskarazko ikerketa sustatzeko eta euskarazko datu libreen sorkuntza, elkartrukea eta zabalpena bultzatzeko.

Guztira zortzi proiektu aurkeztu dira deialdira eta, proiektuak aztertuta, epaimahaiak bi lan saritu beharrean, hiru saritzea erabaki du. Proiektu bakoitzak 5.000 euro jasoko ditu eta zortzi hilabete izango dute ikerketa lana egiteko. Proiektu bakoitzak ikuspegi ezberdin bat eskaintzen badu ere, hiruetan ondo lotzen dira eskatutako irizpideak: humanitateak eta mundu digitala batzea, edukiak askatzea eta ezagutza librea sustatzea.

Hain zuzen, 'Linked Data hiztegigintza historikoan: Larramendi eta Autoridades' (David Lindermann eta Mikel Alonso), 'Euskarazko sareko edukietan oinarrituta entitateak eta hauen inguruko informazioaren erauzketa Wikidata elikatzeko' (Joseba Fernández de Landa Aguirre eta Rodrigo Agerri) eta 'Esplorazio ikerketa sareko euskarazko ikus-entzunezko eduki pedagogiko libreen sortze prozesurako' (Kepa Matxain, Lander Arretxea eta Ander Bolibar) dira sarituriko hiru lanak.