Ia 4.500 pertsonak eman dute izena Ertzaintzako 28. promoziorako hautaketa prozesuan

Ertzaintzak 28. Promozioa
ERTZAINTZA - Archivo
Actualizado: viernes, 1 febrero 2019 15:52

BILBO, 1 (EUROPA PRESS)

Guztira 4.498 pertsonak eman dute izena Ertzaintzako 28. promoziorako hautaketa prozesuan parte hartzeko, 3.254 gizonezkok eta 1.244 emakumezkok. Eskaintzen diren 500 plazetako bat lortzeko aukera izateko izena emateko epea abenduaren 19an zabaldu eta ostegunean amaitu zen. Hautaprobak otsailaren 23an izango dira, eta egun horretara deituko dira izangaiak Barakaldoko BECen egingo diren lehenengo azterketarako.

Segurtasun Sailak jakinarazi duenez, izena eman duten gehienak Bizkaikoak dira (%58,6), ondoren Gipuzkoakoak (%21,3), eta azkenik Arabakoak (%14,4). Gainerakoak beste lurralde batzuetakoak dira, bereziki, Burgos, Kantabria, Nafarroa, Errioxa eta Madrilgoak.

Euskara jakiteari dagokionez, eta egiaztatzeko azterketa egitea aukeratuko dutenen zifrak osatzea falta bada ere, onartutakoen %55,5 inguruk dute egiaztatuta euskararen ezagutza mailaren bat.

Behin izena emateko epea amaituta, Polizia eta Larrialdietako Euskal Akademiak datozen egunetan argitaratu beharko ditu azkenean hautaketa prozesuan parte hartuko dutenen behin behineko eta behin betiko zerrendak.

Hautaproben prozesua otsailaren 23an hasiko da, 08:15ean, Barakaldoko BECen. Izangaiei lehenengo probarako deia egingo zaie, eta ariketa Euskal Autonomia Erkidegoko (EAE) hizkuntza ofizialetako edozeinetan egin ahal izango da.

Lehiaketa fasean meritutzat baloratuko dira titulazio eta diploma ofizialak, bai eta beste hizkuntza batzuk jakitea ere (adibidez, ingelesa, frantsesa eta alemana). Euskararen ezagutza gehienez 55 punturekin baloratuko da Europako Kontseiluak onartutako Hizkuntzetarako Erreferentziazko Europako Esparru Komuneko B-2 maila edo hortik gorakoa egiaztatuta dutenen kasuan, eta 20 punturekin B-1 mailakoen kasuan. Euskararen jakite maila egiaztatzeko, borondatezko proba bat edo gehiago egingo da. Titulazio baliokideak dituztenei puntuak esleituko zaizkie, aurreko atalean aurreikusitako proba edo probak egin beharrik gabe.

Sarbide proba guztiak gainditzen dituztenak Polizia eta Larrialdietako Euskal Akademiako prestakuntza ikastaroan sartuko dira eta, hura gainditu ondoren, unitateetan praktikaldia hasiko dute, dagozkion jarduera arloen arabera egokienak diren zentroetan edo egoitzetan, Ertzaintza barruan haien prestakuntza integrala lortzen saiatzeko.