Ibarrangeluko Udalak Lagako eta Laidako hondartzen "erabilera solidarioa" eskatzeko kanpaina abiatu du

Laida
EUROPA PRESS - Archivo
Publicado: miércoles, 15 julio 2020 9:48

BILBO, 15 Jul. (EUROPA PRESS) -

Ibarrangeluko Udalak sentsibilizazio kanpaina bat jarri du abian Lagako eta Laidako hondartzen "erabilera solidarioa" eskatzeko asmoz. Covid-19ak eragindako egoera berria hasi eta uda iritsi zenetik, handituz joan da bi hondartzetara gerturatu den jende kopurua, eta Lagako hondartza itxi ere egin behar izan zuten gehienezko edukierara iristetik gertu zegoelako.

Hori dela eta, Ibarrangeluko Udalak beharrezkotzat jo du sentsibilizazio kanpaina bat abiatzea, osasun segurtasuna bermatzeko eta erabiltzaileei elkartasunez joka dezaten eskatzeko. Hain zuzen, udalak Bizkaiko Foru Aldundiarekin adostu dituen neurriak jakinaraztea da kanpainaren helburua.

Horrela, marrazki bizidunen bideo bat egin da zenbait jokabide solidario gomendatuz, 'Ibarrangeluko hondartzak: solidarioak eta garbiak' lelopean. Besteak beste, hondartzan gehienez hiru ordu pasatzea, pertsonen artean 1,5 metroko segurtasun distantzia errespetatzea eta bainugela publikoetan maskara erabiltzea.

Halaber, hondartzara joan aurretik, BizkaiUp aplikazioan hondartzen edukiera kontsultatzea gomendatzen da, eta, iristean, sorospen zerbitzuaren gomendioei eta banderei arreta jartzea.

Bestalde, hondartza gehienezko edukierara iristetik gertu dagoenean, "hondartza dinamikoa" ezartzeko aukera dagoela nabarmentzen da, hau da, baimenduta dago bainatzea eta paseatzea, baina ez eguzkia hartzea.

Azkenik, segurtasun neurriak betetzeaz gain, kanpainaren beste helburuetako bat da hondartzak garbi mantentzea eta bakoitza bere zaborraz arduratzeko deia egitea.