Iberoamerikako Estatuen Erakundeak euskal arteari eskainitako sareko solasaldia antolatu du asteazkenerako

Donostiako Tabakaleran ikusgai izan zen 'Komunikazio-inkomunikazio' erakusketa
ETXEPARE EUSKAL INSTITUTUA
Actualizado: lunes, 29 noviembre 2021 11:53

DONOSTIA, 29 (EUROPA PRESS)

Iberoamerikako Estatuen Erakundeak (IEE) sareko hainbat solasaldi antolatu ditu euskara, euskal kultura eta sorkuntzari buruz, Euskadik Argentinarako eta Mercosurrerako duen Ordezkaritzarekin eta Etxepare Euskal Institutuarekin elkarlanean, eta hurrengoa asteazkenean izango da, abenduaren 1ean, euskal sorkuntzari buruz. Donostiako Tabakaleran ikusgai izan zen 'Komunikazio-inkomunikazio' erakusketa izango du oinarri solasaldiak.

Etxepare Euskal Institutuak jakinarazi duenez, IEEk antolatutako lehenbiziko solasaldia Elkanoren mundu biraren ingurukoa izan zen, eta Elkano Fundazioa izan zuen protagonista. Oraingoan, berriz, Donostiako Tabakalerarekin elkarlanean, euskal artea izango dute hizpide.

Euskal sorkuntzari buruzkoa izango da solasaldia, asteazkenean, abenduaren 1ean, Buenos Airesko 17:00etan eta Euskal Herriko 21:00etan. Oier Etxeberria, Olatz Otalora eta Xabier Erkizia izango dira parte hartzaileak. Ekitaldiarekin bat egiteko hurrengo formularioa bete behar da: https://forms.office.com/pages/responsepage.aspx?id=RCDnxlDv...

Tabakaleraren 'Komunikazio-inkomunikazio' erakusketa proiektuak Mikel Laboa (1934-2008) euskal kantautorearen 'Lekeitioak' obra du oinarri. 1980ko hamarkadan hasitako lan bilduma hori abiapuntutzat hartuta, erakusketak lan esparru desberdinen arteko bidegurutze bat proposatzen du, komunikazio-inkomunikazio binomiotik abiatuta.

"'Lekeitioak' herri kulturaren eta abangoardien arteko mugak ezabatzen dituzten artefaktuak dira, iraupen luzeko kezka formalak eta desbideratzeak iradokitzen dituzte: tradizioaren eta tradukzioaren arteko jolasa, soinu eta musika erregistro askoren arteko nahasketa (muntaiaren gisako abangoardiako prozeduren bidez), edo hizkuntzaren eta keinuen bihurduren azterketa", azaldu dute antolatzaileek.

Kontu horiek guztiak sakonago aztertze aldera, 'Komunikazio-inkomunikazio' erakusketak artxibo eta dokumentu historikoak aurkeztu zituen, baita obra historiko eta garaikideak ere, Tabakalerak sustatutako beste ekoizpen berri batzuekin batera. Lanak zazpi ataletan banatuta zeuden, soinu erregistroa, erregistro bisuala eta testu erregistroa gainjartzen diren paisaia osatuz.

PARTE HARTZAILEAK

Hain zuzen, hiru esparru horien inguruan ariko dira asteazkenean Etxeberria, Otalora eta Erkizia: Oier Etxeberria artista eta musikaria da, eta 2019az geroztik Tabakalerako arte bisualen arloko arduraduna; Olatz Otalorak, aldiz, artista laguntzaile eta galeriako laguntzaile gisa lan egiten du eta testuak ere argitaratu ditu hainbat plataformatan; Xabier Erkizia soinu artista, ekoizle eta kazetaria da.

Hala, Tabalakerako erakusketaren komisarioa izan zen Etxeberriak euskal artearen historia zeharkatzen duten genealogia batzuei buruz hitz egingo du bere aurkezpenean, eta erakusketan dauden lan batzuei testuingurua emango die.

Erkizia 'Komunikazio-inkomunikazio' proiektuko lantaldeko kide ere bada, eta azken hamarkadetan Euskal Herrian ekoitzi diren soinu hizkuntzak aztertuko ditu. Azkenik, Otalorak, ikuskizunean parte hartzen duen artistak, esku hartze artistikoa egingo du, zeinetan komunikazioaren eta aparatuen arteko mugekin jolastuko den, zeinuen zirkulazio eta esanahiekin ere jolastuz.