Ikaskuntza errazteko doako tresnak eskainiko dizkie BBVAk Euskadiko ikasle, irakasle eta gurasoei

Programako bi adituak eta BBVAko Carlos Gorria
EUROPA PRESS
Actualizado: jueves, 15 noviembre 2018 13:45

Haurrei jendaurrean hitz egiten laguntzeko sareko ikastaroak eta adituen bideoak biltzen ditu "Elkarrekin ikasten" programak

BILBO, 15 (EUROPA PRESS)

BBVAk "Elkarrekin ikasten" programa aurkeztu du Bilbon. Egitasmo berriaren bitartez, finantza erakundeak doako tresnak eskainiko dizkie Euskadiko ikasle, guraso eta irakasleei, haur eta gazteen ikaskuntza errazteko eta gaitasunak garatzeko xedearekin.

BBVAk urtarrilean abiatu zuen programa, eta orain erabaki du ekimenaren xehetasunak emateko topaketak egitea hezkuntza komunitatearekin. Lehen bilkura Bilbon izan da, eta finantza erakundeak Arabako, Bizkaiko eta Gipuzkoako 150 hezkuntza zentro baino gehiago bildu ditu.

"Elkarrekin ikasten" proiektuak bi ardatz ditu. Lehen ardatza dibulgaziozkoa da, irekia, eta sare sozialen bidez egingo da, sentsibilizatzera bideraturiko ikus-entzunezko edukiekin. Beste ardatza formakuntzakoa da, ikasgelan eta familian egin beharrekoa, tresna "erabilgarriak" eskainiz.

Zehazki, urtarriletik bi bideo labur banatzen dira astero. Bideootan, hezkuntza, kultura edo aisialdiko profesionalek zenbait gai azaltzen dituzte, besteak beste, teknologia berrien erabilera, neurozientzia ikasketa prozesuan, sormenaren sustapena, ikasketaren zailtasunak, guraso eta seme-alaben arteko harremanak edota berdintasuneko hezkuntza.

Orain arte banatu diren ia 80 bideoen artean, Victor Küppers idazlearen, Eva Millet kazetariaren eta Elsa Punset idazle eta dibulgatzailearen lekukotzak jaso dira. "Elkarrekin ikasten" egitasmoko ikus-entzunezko edukiek 300 milioi bistaratze izan dituzte jada.

SAREKO IKASTAROAK

BBVAren programaren beste ardatzetako bat apirilean jarri zen martxan, eta sareko ikastaroak egiteko aukera eskaintzen die familiei eta ikastetxeei. Ikastarootan, garapen profesional hobea izateko eta eguneroko egoerei "modu eraginkorrean" aurre egiteko gaitasunak garatzeko aukera dute ikasleek.

Hain zuzen, on line ikastaro bi egin dira apiriletik: batek haurrei eta nerabeei laguntzen die jendaurrean ideiak adierazten, eta besteak tresnak eskaintzen dizkie emozioak kudeatzen laguntzeko. Orain arte, Euskadin 1.600 pertsonak egin dute bat ikastaroekin eta 115 ikastetxek lan egiten dute "hezkuntza erronka" hauetan.

Carlos Gorria BBVAko Iparraldeko zuzendariak nabarmendu duenez, "Elkarrekin ikasten" programa abiatzearen arrazoia izan da "garai berriek gaitasun, talentu eta ikaskuntza eredu berriak" eskatzen dituztela. Hori dela-eta sortu du finantza erakundeak "XXI. mendeko gaitasunen garapena sustatzen duen" proiektua.

"Gizartea eraldaketa etengabean bizi da, teknologiak aldaketa garrantzitsuak eragiten dituelako. Aldaketa horiek aukerak sortzen dituzte, eta BBVA lanean ari da eragile aktibo izateko eta aukera horiek guztien eskura jartzeko", adierazi du.

TOPAKETA BILBON

BBVAk Bilbo aukeratu du "Elkarrekin ikasten" proiektuko xehetasunak hezkuntza arloko eragileekin partekatzeko topaketei ekiteko. Hain zuzen, Arabako, Bizkaiko eta Gipuzkoako 150 gora hezkuntza zentro baino gehiagotako ordezkariek parte hartu dute topaketan. Gainera, bilkurarekin batera, emozioen kudeaketarekin loturiko sareko bigarren ikastaroa abiatu da.

Ildo horretan, topaketaren baitan solasaldi bat izan da, Ruth Castilloren eta Chema Lazaroren parte hartzearekin. Castillo psikologoa eta Camilo Jose Cela Unibertsitateko irakaslea eta Yale-ko Unibertsitateko aholkularia da, adimen emozionalean aditua; Lazaro hezitzailea da, eta Espainiako Hezkuntza Sari Nazionala lortu zuen 2013an. Bi adituek solasaldian azaldu dute ikastetxeek nola hezi ditzaketen ikasleak emozioak kudeatzen metodologia honen bitartez.