Inguma datu baseak 20 urte bete ditu

Inguma datu basea.
UEU
Actualizado: jueves, 19 noviembre 2020 13:24

BILBO, 19 (EUROPA PRESS)

Udako Euskal Unibertsitateak (UEU) kudeatzen duen Inguma datu baseak 20 urte bete ditu unibertsitate mailako euskarazko ahoz eta idatzizko produkzioaren bilgune izaten. Une honetan, 11.835 egile, 43.541 dokumentu eta 16.609 artikuluren erreferentzia aurki daitezke bertan, doan. Urteurrena ospatzeko inguma.eus webgunea berritu dute, eta hedapena, kalitate adierazleen lanketa eta produkzioa digitalizatzea izango ditu aurrera begirako erronkak.

UEUk 2000. urtean sortu zuen Inguma euskal komunitate zientifikoaren datu basea, azken 50 urteetan unibertsitate mailako zientzia eta jakintza alor bakoitzean euskaraz ahoz eta idatziz ekoitzi denari buruzko oinarrizko informazioa jasotzeko asmoz. Proiektuaren helburua, euskara batuaren arauak finkatzen hasi zirenetik gaurdainoko produkzio zientifiko-intelektual osoa jasotzea izan da (unibertsitatea mailakoa eta euskaraz), eta gizartearen esku jartzea.

Une honetan, 11.835 egile, 43.541 dokumentu eta 16.609 artikuluren erreferentzia aurki daitezke bertan. Zerbitzua doan eskura daiteke www.inguma.eus helbidean. Urteurrena ospatzeko Ingumaren webgunea berritu dute, eta bilaketak errazteaz gain, datu basera igotako azken sarrerak ikus daitezke, bai eta hainbat estatistika ikusi ere.

Kepa Sarasola UEUko zuzendariak adierazi du UEUren helburuen artean komunitate zientifiko-teknikoak elkar ezagutzea egon dela beti, bai eta unibertsitate mailako produkzioa bultzatzea eta gizarteratzea ere. "UEUren baliabide urriekin proiektuari ekin genion, eta zorionez, aurreago, Bizkaiko Foru Aldundiaren laguntzarekin, amaitu ahal izan genuen", azaldu du.

Bere iritziz, komunitate zientifiko-tekniko euskaldunak elkar ezagutzeko, saretzeko eta bere lana hedatzeko "tresna garrantzitsua" da INGUMA. Ildo horretan, nabarmendu du dagoeneko unibertsitate sisteman onartua dagoela adierazle gisa, hau da, "euskaraz urtero eta arloka produzitzen dena neurtzeko tresna ofiziala" dela. "Baina hortik harago, komunitatearen elkar ezagutza eta ahalduntzea bultzatzeko funtsezkoa da", gaineratu du.