Ipar Kutxako bezeroak izango dira erakundea sustatzeko kanpaina berriko protagonistak

Actualizado: viernes, 11 marzo 2011 13:58

BILBO, 11 Mar. (EUROPA PRESS) -

Ipar Kutxa kreditu-kooperatibak bere bezeroak erabiliko ditu erakundearen hurrengo sustapen kanpainarako. Horrela, "Zu bezalako pertsonak" goiburupean, erakundeak, Euskal Autonomia Erkidegoko (EAE) finantza-sektoreari buruzko azken merkatu-ikerketek eman dizkioten elkarrizketa, hurbiltasuna eta konfiantzazko tratua bezalako balioak indartu nahi ditu.

Erakundeko iturriek prentsa ohar bidez adierazi dutenez, azken asteotan, Ipar Kutxak hiru casting egin ditu Bilbon, Donostian eta Gasteizen, eta horretarako, aldez aurretik, Araba, Bizkai eta Gipuzkoan dituen bulegoetako bezero boluntarioen laguntza eskatu zuen. Bezero hauen artean, publizistek familia-taldeak eta banakako bezeroak aukeratu dituzte, enpresaburuak, autonomoak nahiz partikularrak, sexu, adin eta egoera desberdinetakoak, aurrezki-erakundeko bezerero guztien ordezkari gisa.

Berrikitan egindako bi merkatu-ikerketek -Ikerfelek landutako Nabaritasuna, Irudia eta Atsegin-mailari buruzko 2010eko Ikerketak eta Stiga-ren EQUOS RCB 2010 delakoak- elkarrizketaren, hurbiltasunaren eta giza-harremanaren pisua nabarmendu dituzte Ipar Kutxak bezeroarekin duen tratuan.

Lau astez prentsan, irratian, telebistan, kaleko publizitate-iragarkietan, marketing zuzenean, interneten eta abarretan zabalduko den kanpaina berri honen bidez, euskal kreditu-kooperatibak bere markaren posizionamendu hori indartu nahi du, bezeroarekiko konpromisoan eta aholkularitza pertsonalizatuan oinarrituta.

Ipar Kutxak 405 langile ditu gaur egun -%92 baino gehiago finkoak dira- eta 166.000 bezerotik gora, aurreko ekitaldian baino %7 gehiago. Bere merkataritza-sarea Araba, Bizkai eta Gipuzkoako udalerri nagusietan zehar sakabanatutako 91 bulegok osatzen dute.