Irakasleen Prestakuntza Masterrean izena emateko epea ireki du UEUk

Masterra sarean eskainiko da
UEU
Actualizado: miércoles, 1 abril 2020 11:11

BILBO, 1 (EUROPA PRESS)

Udako Euskal Unibertsitateak (UEU) Irakasleen Prestakuntza Unibertsitate Masterrean izena emateko epea ireki du, maiatzaren 25a arte. Euskal Herriko Unibertsitatearen (EHU) zentro atxiki gisa, UEUk euskaraz eta sarean eskainiko du masterra, 2020-2021 ikasturtean, eta ikasleen garapen alor ezberdinekin lotutako hiru espezialitate izango ditu: Giza eta Gizarte Zientziak, Hizkuntza eta Literatura, eta Natur Zientziak eta Matematika.

UEUk jakinarazi duenez, masterraren helburu nagusia da DBHko, Batxilergoko eta Lanbide Heziketako irakasle eta hizkuntzen irakasle izango direnak prestatzea, "irakasle bezala beharko dituzten ezagutza eta konpetentzietan, beren bizitza profesionalean izango dituzten funtzioak modu ahalik eta eraginkorrenean betetzeko".

Sareko modalitatean, eskolak Ikasgela Birtualaren bidez emango dira, eta ikasketak burutu eta ebaluatzeko behar dituen tresna eta baliabide guztiak eskura izango ditu uneoro ikasleak. Gainera, modalitate honek Berrikuntza Ikasgelan hautazko ibilbidea eskainiko du: berrikuntza eta ikerkuntza ardatz dituen ibilbidea izango da, ikasleak aukeratutako hezkuntza zentroan burutuko duena modu praktikoan.