Jaurlaritzak 1.060.000 euro erabiliko ditu Sormen Lantegiak bultzatzeko

Antzerki lan bat
TEATRO ARRIAGA - Archivo
Actualizado: jueves, 14 febrero 2019 12:38

BILBO, 14 (EUROPA PRESS)

Eusko Jaurlaritzako Kultura eta Hizkuntza Politika Sailak 1.060.000 euroko aurrekontua onetsi du, bi diru laguntza deialdiren bitartez Sormen Lantegiak bultzatzeko. Alde batetik, 560.000 euro bideratuko ditu sormen praktikak babestuko dituzten Sorguneak deituriko espazio kultural independenteak sustatzeko, eta, bestetik, 500.000 euro inbertituko ditu kulturaren eta gizartearen arloko bitartekaritza eta berrikuntza proiektuak babesteko, Bitartez deialdiaren bidez. Bi deialdi horien bidez 22 proiektuk jaso zituzten diru laguntzak 2018an.

Eusko Jaurlaritzako Gobernu Batzordeak aste honetan onetsi ditu bi deialdiak, eta, Ikertu deialdiarekin batera, Sormen Lantegiak bultzatzeko laguntzen mapa osatzen dute. Sorgune deialdiaren bitartez, 2018an eta 2019an espazio kultural independenteetako jarduera proiektuak babestea da asmoa. Espazio horien aldetik programa espezifikoen garapena diruz babestea da laguntzen helburua, bai pertsonek bai kolektibo artistikoek beren sorkuntza eta produkzio prozesuak garatu ahal izan ditzaten.

Kultura Ondarearen Zuzendaritzatik adierazi dutenez, helburua da lan hori garatu ahal izatea, "adierazpide artistiko desberdinak berritzera, talentua detektatu eta babestera, partaidetzazko kudeaketa eta tokiko ingurunearekiko harremana bultzatzera bideratuta". Jarduera proiektu horiek kulturaren edo sormenaren sektoreren batean egon behar dute kokatuta (arte bisualak, zinea eta ikus-entzunezkoak, dantza, literatura, musika, antzerkia, zirkua, magia, bertsolaritza).

560.000 euroko diru hornidura kontuan hartuta, hautatutako proiektu bakoitzari emandako gehienezko kopuruak ezin izango ditu 120.000 euroak gainditu, ezta, inongo kasuan ere, gastuen aurrekontuaren %70 ere.

Joan den urtean bost espaziori eman zitzaizkien diru laguntzak: Consonni, Bitamine Faktoria, Azala, Garaion Sorgingunea eta KunArte (Teatro Paraiso).

BITARTEZ

Bitartez deialdiari dagokionez, xede hauek dituzten proiektuei emango zaie diru laguntza: talentuaren sustapena bultzatzea, publiko desberdinei zuzentzeko izango diren harreman eta bitartekaritza bide berriak sortzea, baterako sorkuntza eta hibridazioa sormena bultzatzeko, eta ekimenen garapena, jardun kulturaletatik kulturaren eta gizartearen berrikuntzarako estrategiak planteatuko dituztenak, dotazio, azpiegitura eta egitura egokiekin.

Joan den urtean, Bitartez deialdiaren bidez 17 proiektu babestu ziren, besteak beste, ZAS Kultur Espazioa, La Taller, Gau Irekia 2018, Guerrilla Art, Ekintza eta ZineGazteLab.

Bi deialdi horiez gain, Sormen Lantegiak bultzatzeari dagokionez, Kultura eta Hizkuntza Politika Sailak urtero bultzatzen du Ikertu deialdia. Sorkuntza kulturalari zuzendutako laguntzen barruan, modalitate honen helburua da proiektuen eta prototipoen aurretiko diseinura zuzendutako sorkuntza prozesuei diruz laguntzea. Iaz 12 ekimenek jaso zituzten 4.350 euroko diru laguntzak. Azkenik, Kultura eta Hizkuntza Politikako Sailak diru laguntza izendun batzuk ditu sormenarekin loturiko proiektuak laguntzeko.