Jaurlaritzak 1,3 milioi euroko 'Euskalgintza' deialdia onartu du, euskara sustatzeko proiektuak laguntzeko

Bingen Zupiria Gobernu Kontseiluaren osteko prentsaurrekoan, Gotzne Sagardui ondoan duela.
IREKIA
Actualizado: martes, 15 junio 2021 14:09

GASTEIZ, 15 (EUROPA PRESS)

Eusko Jaurlaritzako Gobernu Kontseiluak 'Euskalgintza' deituriko 2021eko deialdia onetsi du astearte honetako bileran. Gizarte bizitzan euskara sustatzeko, garatzeko edo normalizatzeko laguntza hauetara 1,3 milioi euro bideratuko dira eta aurten burutuko diren egitasmoak izango ditu kontuan.

Hain zuzen, Bingen Zupiria Eusko Jaurlaritzako bozeramaile eta Kultura eta Hizkuntza Politikako sailburuak azaldu duenez, aurrekontu sail osotik 750.000 euro erabiliko dira lau motako proiektuak laguntzeko. Orain arte bezala, euskararen erabilera areagotu eta sendotzeko egitasmoak, batez ere gazteei zuzendutako aisialdiko eremuetan, eta, aisialdiko hezitzaile, dinamizatzaile edota begiraleei begira, euskarazko eta euskarari buruzko prestakuntza eta material sorkuntza lagunduko dira.

Aurtengo berrikuntza bezala, euskararen erabilera soziala sustatzearekin eta euskarazko ahozko komunikazioa hobetzearekin zuzeneko lotura duten jarduerak lagunduko dira. Lehenetsiko dira mintzapraktika lantzeko egitasmoak eskola eremuan, beti ere, curriculum esparrutik eta gelatik kanpo.

Zupiriak adierazi duenez, covid-19ak eragindako itxialdi luzearen ondorioz, haur eta gazte askok euskara erabiltzeko dituzten eremuak murriztu dira, eta beraz, hiztun berri eta gazteei esparru ez formalean ahozkotasuna lantzeko guneak sortzen laguntzea da lerro berriaren helburua.

Halaber, aurten lehen aldiz, kiroletako begirale edota entrenatzaileentzako euskarazko eta euskarari buruzko prestakuntza eta material sorkuntza lagunduko da. Izan ere, gazteentzako kirol entrenatzailea "erreferente garrantzitsua" dela jakinda, entrenatzaileak gazteen hizkuntza ohituretan eragiteko gaitasuna izan dezake. "Gaitasun hori indartze aldera euskarazko prestakuntza eskaintzea eta hizkuntza estrategia batzuk garatzea tresna indartsuak izan daitezke", esan du.

Bestalde, euskaldunen artean gizarte aktibazioaren bidez euskararen erabilera areagotu eta sendotzeko asmoz, hizkuntza ohiturak aldatu eta hiztunak aktibatzera bideratutako ekintzak eta jarduerak laguntzera 125.000 euro bideratuko dira.

Gainera, euskaraz ez dakiten euskal herritarrak eta etorkinak euskarara hurbiltzeko helburua duten jarduera eta egitasmoetara 50.000 euro bideratuko dira.

INGURUNE DIGITALA

Deialdiko beste berrikuntzetako bat da ingurune digitalean euskara sustatzeko deialdia txertatu dela. Horrela, 300.000 euro banatuko dira teknologia berrietan oinarrituta nerabe eta gazteen aisialdirako euskarazko edukiak sortu eta hedatzea helburu duten egitasmoen eta Interneten edukiak euskaraz soilik hedatuko dituzten webgune tematiko ez komertzialen artean.

Bestalde, euskararen familia bidezko transmisioa sendotzea helburu duten egitasmoak laguntzeko 35.000 euro erabiliko dira, eta 40.000 euro bideratuko dira euskarari zuzenean lotutako alderdiak aztertzea helburu duten jardunaldiak laguntzeko. Azkenik, euskaraz irakurtzeko zaletasuna sustatzea helburu duten egitasmoak laguntzeko 50.000 euro erabiliko dira.

2020ko 'Euskalgintza' deialdian, guztira, 107 egitasmo lagundu ziren diruz, besteak beste, Arabagara Euskaldunon Elkargunearen 'Kuadrillan mintza', Ttakun Kultur Elkartearen 'Gaztekluba eta kuadrilategi', EDE Fundazioaren 'Asteburuetan jolas, txango eta solas' edo Bizkaiko Urtxintxa Astialdi Eskolaren 'Familian euskaraz jolasean'.