Jaurlaritzak 2.260.000 euro bideratuko ditu aurten ikus-entzunezko ekoizpena bultzatzera

Publicado: martes, 25 junio 2019 13:39

GASTEIZ, 25 Jun. (EUROPA PRESS) -

Eusko Jaurlaritzako Kultura eta Hizkuntza Politikako Sailak 2.260.000 euro bideratuko ditu aurten ikus-entzunezko ekoizpena bultzatzera diru laguntza irekien bidez. Gobernu Kontseiluak astearte honetako bileran onartu du ikus-entzunezko ekoizpenerako aurtengo deialdia, eta iaz bezala bost modalitate izango dituena. Pasa den urtean 26 ikus-entzunezko proiekturi eman zitzaien babesa diru laguntza bidez.

Kultura eta Hizkuntza Politika Sailak ikus-entzunezkoak bultzatzeko duen lerro nagusietako bat da. Ikus-entzunezko ekoizpenerako 2018ko laguntza deialdiaren bitartez, diruz lagundu ziren fikziozko lau film luze, aurrekontu txikiko fikziozko bi film luze, animazioko bi film luze, sorkuntzako bi dokumental eta 13 film labur.

Aurten ere modalitate horiek mantenduko dira: Fikziozko film luzeak (1.060.000 euro), Aurrekontu txikiko fikziozko film luzeak (300.000 euro), Animazioko film luzeak (500.000 euro), Sorkuntzako dokumentalak (240.000 euro) eta Film laburren ekoizpena (160.000 euro).

Laguntza lerro honez gain, Kultura eta Hizkuntza Politika Sailak proiektuak garatzera bideratutako deialdi bat du. Horren helburua da garatzen diren ekoizpenen prestakuntza eta diseinua bultzatzea, ekoizpen fasearen aurretik egindako lanei erreparatuz. Deialdi horretara 300.000 euro bideratzen dira urtero.

Halaber, kultur sorkuntzarako laguntzen deialdiak zinema gidoiak sortzeko modalitate bat du, eta 104.000 euro bideratzen dira horretara urtero. Era horretan, hiru lerro horien bidez, Eusko Jaurlaritzak 2.634.000 euro bideratzen ditu urtero ikus-entzunezkoa bultzatzera.

Jaurlaritzako arduradunek adierazi dutenez, ikus-entzunezkora bideratutako diru laguntzak "nabarmen" hazi dira legealdia hasi denetik, Kultura eta Hizkuntza Politika Sailak diru laguntzen aurrekontua %35 igotzea erabaki baitzuen. Hiru laguntza lerro horiez gain, EiTBk bost milioi inguru bideratzen ditu urtero zinemagintza eta, oro har, Euskadiko ikus-entzunezkoak bultzatzera. Azkenik, Kultura eta Hizkuntza Politika Sailak baditu euskal ikus-entzunezkoa indartzea helburua duten bestelako proiektuak, hala nola Noka Mentoring edo Kimuak.