Jaurlaritzak 770.000 euro bideratuko ditu Lanbide Heziketako berrikuntza eta ekintzailetza proiektuetarako laguntzetara

Publicado: martes, 30 abril 2024 13:47

GASTEIZ, 30 Abr. (EUROPA PRESS) -

Lanbide Heziketako prestakuntza zikloak ematen dituzten itunpeko ikastetxeetan 2024-2025 ikasturtean garatu beharreko berrikuntza eta ekintzailetza proiektuak egiteko diru laguntzak deitzen dituen agindua onetsi du astearte honetan Eusko Jaurlaritzako gobernu kontseiluak, eta orotara 770.000 euro banatuo ditu.

Lanbide Heziketako VI. Euskal Planak eta Euskal Hezkuntza Sistemaren Eraldaketa Digitalerako Planak jasotzen dituzten ildo estrategikoekin bat egin beharko dute proiektuek, Jaurlaritzako iturriek jakinarazi dutenez.

Deialdiaren xedea da Lanbide Heziketako zentroetan irakasleak erabat edo partzialki liberatzeko diru laguntzak ematea. Era horretan, irakasle liberatu horiek berrikuntza aplikatuko eta ekintzailetza proiektuak egin ahal izango dituzte.

Proiektuak 2024-2025 ikasturtean gauzatu beharko dira, eta garatzerakoan jaso den ezagutza hori ikasleengana transferitzea izango da helburua, bai eta Euskadiko gainerako Lanbide Heziketako ikastetxeetara eta enpresetara iristea ere, enpresa txiki eta ertainetara (ETE) bereziki.

Zehazkiago, berrikuntza teknologikoaren eta sistema adimendunen eremuko proiektuak sustatzera 462.000 euro bideratuko dira, eta biozientzien eta iraunkortasunaren esparruko egitasmoatara 308.000 euro.

Jaurlaritzaren arabera, Lanbide Heziketa "ezinbesteko bidelaguna" da enpresentzat profil profesional berriak garatzean, eta ikasleen prestakuntza zein espezializazioa hobetzeko lanean dihardu. Horregatik, deialdia bat dator Lanbide Heziketako ikastetxeetan ingurune estrategikoak eta espezializazio arloak ezartzeko helburuarekin. Ingurune eta arlo horien bidez, ikasleen enplegagarritasuna hobetu nahi da, eta, gainera, Euskadiko enpresei lehiakortasun abantailak eskaini, bereziki ETEei.

Contador