Jaurlaritzak Hannover Messe 2022 azokan parte hartuko duten euskal enpresei lagunduko die datorren astean

Euskadi-Basque Country erakusgunea Hannover Messe azokan
IREKIA
Actualizado: viernes, 27 mayo 2022 12:59

BILBO, 27 (EUROPA PRESS)

Mikel Amundarain Industria eta Energia sailburuordea, Aitor Urzelai SPRI Taldeko zuzendaria eta Ana Camacho Industria eta Energia Trantsizioko zuzendaria Hannover Messe azokan izango dira, Eusko Jaurlaritzaren ordezkari gisa, euskal enpresei laguntzeko. Industria arloko Europako azokarik garrantzitsuena Alemaniako hirikoa, eta datorren astean egingo da.

Ekitaldian zehar, gainera, Eusko Jaurlaritzako ordezkariek bilerak egingo dituzte Alemaniako energiaren sektoreko ordezkari industrialekin eta Bavariako Gobernuko kideekin.

Duela urte batzuetatik hona, Eusko Jaurlaritzak gero eta presentzia handiagoa du Hannover Messe azokan. Ekonomia Garapen Sailak eta SPRI Taldeak bertan eman zuten ezagutzera Basque Industry 4.0 estrategia. Europar Batasuneko presidente Ursula Von der Leyenek eredutzat jarri zuen Euskadiko Gobernuak Basque Digital Innovation Hub (BDIH) proiektuaren bidez garatzen duen digitalizazio politika, aipamen berezia eginez eraldaketa digitala bultzatzeko euskal ekimenari Eskualdeen Batzordeko osoko bilkuran.

Amundarain eta Urzelai Hannoverren egongo dira maiatzaren 31n eta ekainaren 1ean, ekitaldian parte hartuko duten hainbat euskal enpresa bisitatuko dituzte, eta bilerak egingo dituzte haietako ordezkariekin. Ingeteam Power Technology, Iberdrola, Gorlan Taldeko Lesol, Iraundi, Pronutec eta Merytronic, Fanox Electronic, Gipuzkoako Merkataritza Ganberaren standean egongo diren Subcontex eta Polifluor, eta Talleres Arreche eta Ugarteburu dira azokan izango diren enpresetako batzuk.

Gainera, Jaurlaritzako ordezkariek bilera egingo dute Alemaniako Hidrogeno eta Erregai Pilen Elkartearekin, eta Hannoverreko azokan egongo diren hainbat erakunde bisitatu eta ezagutuko dituzte, besteak beste, Makina Erreminta eta Teknologia arloko Fraunhofer Institutu ospetsua, Baviera Bayern Innovative, Saxonia Behea Eskualdeko Hidrogeno Sarea (Niedersächsiches Wasserstoff-Netzwerk) eta Alemaniako 4.0 Industriako Plataforma Federala.

Hannoverreko Hannover Messe azoka munduko industria azokarik handiena da. Hannover hirian (Alemania) egiten da urtero, eta 6.000 erakusle eta 200.000 bisitari inguru erakartzen ditu.