John Zorn-ek 48. Heineken Jazzaldian antolaturiko Masada Maratoian izango diren taldeak zehaztu dira

Actualizado 2013/01/16 13:30:42 CET
John Zorn
Foto: HEINEKEN JAZZALDIA

DONOSTIA, 16 (EUROPA PRESS)

   Donostiako 48. Heineken Jazzaldiaren baitan uztailaren 27an Kursaal Auditoirumean egingo den Masada Marathon delakoa 2013an Europan egingo den bakarra izango da, eta bertan parte hartuko duten 12 taldeak, guztiak John Zorn konpositore eta saxofonista estatubatuarraren ingurukoak, erabakita daude dagoeneko, jazzaldi donostiarrak jakinarazi duenez.

   Masada Marathon arratsaldeko 18:00etan hasiko da eta, gutxi gorabehera, bost eta sei ordu artean iraungo du. Ikuskizunerako eta Heineken Jazzaldiko gainerako ikuskizunetarako sarrerak martxoan jarriko dira salgai. Masada Marathon batean 12 taldek parte hartu ohi dute, guztiak Tzadik diskoetxeko kideak; diskoetxea John Zorn-ek sortu zuen, egungo jazzaren funtsezko musikarietako batek.

   Hasieran, Europan hiru Masada Marathon egitea pentsatu zuen Zorn-ek, baina horrelako ekitaldi bat antolatzea oso zaila da, eta jazzaldi gutxik du horretarako gaitasuna. Azkenik, Heineken Jazzaldia izango da bere programan Masada Maratoi bat izango duen Europako jaialdi bakarra. Zorn-ek beste bi kontzertu berezi eskainiko ditu bere 60 urteak ospatzeko (irailaren 2an beteko ditu).

   Parte hartuko duten taldeak John Zorn-ek berak aukeratu ditu, eta honako hauek izango dira: Masada Quartet; Sylvie Courvoisier/Mark Feldman Duo; Banquet of the Spirits; Mycale; Krakauer; Bar Kokhba; Abraxas; Erik Friedlander Solo; The Dreamers; Masada String Trio; Uri Caine Solo; eta Electric Masada.

   Talde horietako kideak denbora luzez Zorn-ekin lanean aritu diren musikari oso garrantzitsuak dira eta beren talde propioak dituzte; gainera, jotzen dituzten musika-tresnen birtuosoak dira. Horien artean daude, besteak beste, Uri Caine pianista; Dave Douglas saxofonista; Marc Ribot gitarrista; Cyro Baptista perkusionista; Erik Friedlander txelista; Marc Feldman biolinista; eta Sylvie Courvoisier pianista.

JOHN ZORN

   John Zorn artista emankorra eta polifazetikoa da: konpositorea, moldatzailea, produktorea, saxofoi-jotzailea eta multi-instrumentista. Bere izena interprete, musikagile eta ekoizle gisa agertzen da ehundaka diskotan. Genero ugari landu ditu: jazza, rocka, hardcorea, punka, musika klasikoa, klezmerra, musika inprobisatua eta soinu-bandak.

   John Zorn New York bere jaioterriko kulturan ezinbesteko pertsona da. 1990eko hamarkadan Knitting Factory delakoaren inguruan sortutako mugimenduko sustatzaileetako bat izan zen. Gainera, klezmerra birsortu zuela esaten da, jazza eta Europa erdialdeko musika judua nahasten dituen musika-estiloa.

   Konposiziorako duen gaitasun handia bere obra zabalean islatu da: zine-musikako "Filmworks" seriea, dagoeneko 22 diskora iritsi dena; "Masada Book" 200 abestidun ahalegin ikaragarria, 1995ean argitaratua; eta "The Book of Angels", 2004 eta 2005 artean egindako 300 abesti.

   1995ean, Zorn-ek Tzadik diskoetxea sortu zuen Kazunori Sugiyama jazz ekoizle japoniarrarekin batera, musika esperimentala sustatzeko eta bere obra ezagutarazteko.