Jose Manuel Zapata tenoreak Carlos Gardelen tangoak abestuko ditu Arriaga antzokian

Jose Manuel Zapata
ARRIAGA ANTZOKIA
Actualizado: viernes, 22 enero 2016 13:11

BILBO, 22 (EUROPA PRESS)

   Jose Manuel Zapata tenore andaluziarrak Carlos Gardelen tangoak abestuko ditu Bilboko Arriaga antzokian urtarrilaren 26an, 20:00etatik aurrera. Abeslari argentinar handia 1935eko ekainaren 24an hil zen eta iaz 80 urte bete ziren hil zenetik, antzoki bilbotarreko arduradunek gogorarazi dutenez.

   Horrela, Zapatak Gardelen zenbait abesti bildu ditu eta, "Gardel Mediterráneo" izenburupean, musika bidaia bat proposatuko die ikus-entzuleei abeslariarentzat esanahi handia izan zuten lekuetatik: Espainia, Gardelek Europan lortu zuen arrakasta handiaren sarrerako atea izan zelako; Italia, abeslariarengan izan zuen eragin liriko handiarengatik; edota Frantzia, ustez Gardelen sustraiak zeuden lurra.

   Tenore espainiarrak eskainiko dituen lanen artean Gardelek landu zituen zenbait genero izango dira, tangoaren presentzia garrantzitsuarekin, Mediterraneo inguruko geografiako beste soinu propio batzuekin batera, besteak beste, pasodoblea, Napoliko canzoneta edo tarantela.

   Carlos Gardelen ibilbidearekin -eta ondorioz tangoarekin- lotura gehien duten musika tresnak -pianoa, gitarra eta bandoneona- erabiltzeko asmoz, Zapata bi birtuosorekin agertuko da taula gainean, abestiei musika euskarria emateko. Horrela, Claudio Constantini pianoa eta bandoneona jotzeaz arduratuko da, eta gitarran Juan Francisco Padilla izango da.

   Jose Manuel Zapatak hamar urte baino gehiago daramatza tenore gisa, eta rol nagusiak abestu ditu mundu osoko opera antzoki eta kontzertu areto garrantzitsuenetan (Teatro Real, Liceu, New Yorkeko Met Opera, Carnegie Hall, Berlingo Opera, Pariseko Champs Elysees, Regio di Parma, Theater and der Wien). Hala ere, areto garrantzitsuetan gehien atsegin duen musika estiloetako bat ere landu du: tangoa. Horren adierazgarri da duela lau urte grabatu zuen "Tango: Mano a mano" diskoa. Lan horretan aritu ziren, bikoteak osatuz, José Mercé, Miguel Poveda, Rocio Márquez edo Pasión Vega, besteak beste.