Juanjo Mena, Araba Urrezko Domina

Actualizado 2017/1/17 11:58:55 CET
JUANJO MENA
JUANJOMENA.COM

   GASTEIZ, 17 (EUROPA PRESS)

   Arabako Foru Aldundiak erabaki du Juanjo Mena orkestra zuzendariari ematea Arabako Urrezko Domina. Ramiro Gonzalez diputatu nagusiak azaldu duenez, Menaren "hutsik gabeko ibilbidea, bere arloan munduan erreferente izatera eraman duena" aintzatetsi nahi da, eta bide horretan, "Arabaren izena planetako agertokirik ospetsuenetara" eraman izana nabarmendu du, "orkestra sinfonikorik onenen buru zela". Gonzalezek berak emango dio saria apirilaren 28an, San Prudentzio egunean.

   Arabako diputatu nagusiak Menaren ibilbide profesionala eta "Arabako gizarte eta kultura baloreen enbaxadore bezala egin duen lana" azpimarratu ditu. Halaber, adierazi du balore etikoak eta konpromiso soziala profesionalki eta pertsonalki baloratzeagatik nabarmendu dela, eta bere ibilbide profesionalean eta baloreen sustapenean, konpromiso sozialean eta musikaren hedakuntzan egin duen lana nabarmendu ditu.

   Juanjo Menak (Gasteiz, 1965) Arabako hiriburuko kontserbatorioan egin zituen musikako lehenengo urratsak. Klarinetea jotzen ikasi zuen bertan Juan Laordenekin, eta harmonia eta konposizioa Carmelo Bernaolarekin. Musikarako zuen dohaina ez zen oharkabean igaro hirian, eta bertute horrek Madrilera eraman zuen bertan prestakuntzarekin jarraitzera. Ondoren Alemaniara joan zen, Arabako Foru Aldundiaren Guridi-Bernaola bekari esker, Sergiu Celibidache maisuarekin lan egitera.

   Klarinete irakaslea izan zen Gasteizko kontserbatorioan, bai eta ikasleen orkestraren zuzendari ere. Cluster abesbatza sortu eta zuzendu zuen, funtsean musika garaikidea lantzen zuena, eta Jesus Guridi talde instrumentala ere zuzendu zuen. Euskal Herriko Gazte Orkestraren (EGO) zuzendaria izan da hainbat urtez, bai eta Euskadiko Orkestra Sinfonikoaren (EOS) zuzendari elkartua ere.

BBC PHILARMONIC

   Gaur egun, BBC Philharmonic orkestraren zuzendari titularra da, eta Bergen Filharmoniske Orkester orkestraren zuzendari gonbidatu nagusia, Genevako Carlo Felice antzokiko zuzendari gonbidatu nagusia eta Bilboko Orkestra Sinfonikoaren (BOS) zuzendari titular eta artistikoa izan da.

   Ospe handiko taldeak zuzendu ditu, besteak beste, Berlingo Filarmonika, Oslo Filharmonien, Orchestre National de France, Capitole de Toulouse, Orchestra Filarmonica della Scala, Milan, Orchestra Sinfonica Nazionale della RAI, Münchner Rundfunk Orchester, Dresdner Philharmonie, Goteborg Symphoniker, Royal Stockholm Philharmonic eta Danish National Symphony Orchestra, baita Espainiako eta AEBetako orkestra nagusiak ere.

   Arrakastaz jositako ibilbide horri esker, 2016an Espainiako Musikako Sari Nazionala eskuratu zuen interpretazio modalitatean, eta sari horren ondoren, aurten, 2017an, Arabako Urrezko Domina jasoko du.