Kaleka Lekeitioko Nazioarteko Kale Arteen Jaialdiaren 31. edizioa ez da egingo

Iazko edizioko ikuskizun bat
KALEKA - Archivo
Actualizado: martes, 28 abril 2020 13:43

BILBO, 28 (EUROPA PRESS)

Kaleka Lekeitioko Nazioarteko Kale Arteen Jaialdiak ezin izango du aurten bere 31. edizioa ospatu, covid-19 gaitzak sortutako osasun larrialdia dela-eta eskatzen diren neurriak ezin direlako ziurtatu. "Uztailaren 9tik 12ra egin beharreko jaialdia egitea ezinezkoa da egun bizi dugun egoera honetan. Izan ere, gogora dezagun urtero 20.000tik gora ikusle biltzen direla jaialdian zehar", adierazi dute antolatzaileek.

Jaialdiaren prestakuntza lanak eginda, parte hartu behar zuten konpainia eta kolektiboak aukeratuta zeuden jada. Deialdi irekian aurkeztu ziren 500 taldeetatik 20 izan ziren hautatuak. Edizio honetan jatorri ezberdineko ikuskizunak zeuden, besteak beste, Kolonbia, Txile, Katalunia, Gaztela eta Leon, Valentziar Erkidegoa, Madril, Murtzia eta Euskal Herrikoak.

Jarduera guztiak uztailaren 9, 10, 11 eta 12an zehar banatuko ziren, eduki, formatu eta hizkuntza anitzetako dantza, zirku, clown, keinu antzerki, esperimentazio espazio edota piroteknia ikuskizunen bidez.

"Baina zoritxarrez ezin izango ditugu ikusi. Aurtengo jaialdia bertan behera geratzen den bigarren aldia izango da, 1995eko edizioa eta gero. Garai horretan zegoen krisi ekonomikoa izan zen jaialdia ospatzea galarazi zuena", azaldu dute.

Hala ere, antolatzaileek ziurtatu dutenez, datorren urtean, egoera hobea izango delakoan, jaialdiak bere ibilbidea hartuko du berriro, "inoiz baino gogo gehiagorekin".