Kamioiak eta autobusak ikuskatzeko kanpaina egingo du Ertzaintzak ostegunetik

Kamioi bat Ertzaintzaren komtrol batean.
ERTZAINTZA
Actualizado: miércoles, 24 febrero 2021 10:37

BILBO, 24 (EUROPA PRESS)

Ertzaintzak kamioiak eta autobusak zaintzeko eta kontrolatzeko kanpaina hasiko du ostegunean, otsailaren 25ean. Estatuko gainerako autonomia erkidegoekin koordinatuta egingo den kanpaina martxoaren 7ra arte luzatuko da Euskadin.

Ekimenaren helburuetako bat da gidatzeko eta atseden hartzeko denborak kontrolatzea, era horretara arau hausteak egin diren jakiteko, bai baimendutako gidatze orduak gainditu direlako bai ezarritako atsedenaldiak egin ez direlako, Segurtasun Sailak jakitera eman duenez.

Era berean, ibilgailuen takografoek behar bezala funtzionatzen duten eta erregistroak faltsutzeko eta polizia kontrolak saihesteko manipulatu diren zainduko da, manipulazio hori agiri ofiziala faltsutzearen delitutzat hartzen baita.

Kamioien kasuan, zama baimendutakoa baino handiagoa den eta ongi eutsita dagoen ere egiaztatuko da. Autobusei dagokienez, bidaiariek segurtasun uhala jantzita duten zainduko da.

Bide Segurtasunaren eta Mugikortasun Seguru eta Iraunkorraren 2021-2025eko Plan Estrategikoaren helburuei erantzuten diete kanpainak. Eusko Jaurlaritzako Trafikoko zuzendari Sonia Díaz de Corcueraren hitzetan, planaren xedea da "istripuen tasa murriztea 'Zero Biktima Ikuspena' lortzeko, bide segurtasuna, trafikoaren arintasuna eta erakundeen eta herritarren erantzunkidetasunean oinarritutako mugikortasuna sustatzearen bidez".

Ostegunean hasiko den kamioiak eta autobusak zaintzeko eta kontrolatzeko kanpaina trafikoa zaintzeko eta kontrolatzeko aurten programatutako 46 kanpainen barruan sartzen da.