Kirolarabak 242.000 euro banatuko ditu 53 kirol erakunderen artean

Kirolaraba
ARABAKO FORU ALDUNDIA
Publicado: jueves, 24 septiembre 2020 13:27

GASTEIZ, 24 Sep. (EUROPA PRESS) -

Kirolaraba Fundazio publikoak goi mailako klubei laguntzak emateko deialdia ebatzi du, eta Araban kokatuta dauden kirol klub eta elkarteei ematen zaien dirulaguntzaren lehen ordainketa egin du. Guztira, 242.000 euro banatuko emango zaizkie 53 kirol erakunderi. Klub eta elkarte horiek, profesional izan gabe eta kirolari profesionalik eduki gabe, goi mailako kirolariak izan behar dute, eta kirol modalitatearen kategoria absolutuan lehiatu.

Arabako Foru Aldunditik jakinarazi dutenez, laguntzen helburua da kirol klubek eta elkarteek behar adina baliabide izatea 2020an edo 2019ko irailaren 1etik 2020ko abuztuaren 31ra bitarteko denboraldian entrenamenduak eta lehiaketa erregularrak egiteko.

Deialdiaren bidez, laguntza ematen zaie klubei entrenatzaile, monitore, langile laguntzaile, mekanikari eta antzeko ezaugarriak dituzten beste langile batzuen ordainsarietarako, edota medikuntza, fisioterapia eta masaje zerbitzuen, albaitaritza zerbitzuen, ortopedia eta antzeko beste zerbitzu batzuen ordainsarietarako.

Halaber, lizentzietarako, entrenamenduko eta lehiaketako kirol ekipamendua eskuratzeko, kirol material suntsikorra erosteko (baloiak, bolak, botika kutxarako materiala eta entrenamendua garatzeko behar-beharrezkoa den material guztia) eta entrenamenduetarako instalazioak alokatzeko laguntzak ere ematen dira.

Deialdirako aurreikusitako 242.000 euroko zenbatekotik jaso duten aurrerakina emandako guztizko zenbatekoaren %60 da, hau da, 145.198,39 euro, eta deialdian ezarritako baldintzak bete dituzten 53 kirol erakundeen artean banatu da. Gainerako %40 kirol erakundeek aurrekontuan jasotako gastua benetan egin dutela frogatzen dutenean ordainduko da.

Oraindik ez dira ebatzi beste hiru dirulaguntza: klubei beren kirol
arrakastagatik laguntzak emateko deialdia (30.000 euro), goi mailako kirolariei bekak emateko deialdia (24.000 euro) eta kirolariei beren kirol arrakastagatik bekak emateko deialdia (18.000 euro).