Klima aldaketari aurre egiteko neurriak aurkeztuko ditu Jaurlaritzak Alemanian

Klima aldaketari aurre egiteko neurriak aurkeztuko ditu Jaurlaritzak Alemanian
IREKIA
Actualizado: miércoles, 22 mayo 2019 13:42

BILBO, 22 (EUROPA PRESS)

Elena Moreno Ingurumenerako sailburuordeak eta Aitor Zulueta Natur Ondarearen eta Klima Aldaketaren zuzendariak Eusko Jaurlaritzak klima aldaketari aurre egiteko abian dituen neurriak aurkeztuko dituzte Heidelberg hirian, Alemaniako Baden Wurtemberg eskualdean, Ekintza Klimatikoari buruzko Nazioarteko Biltzarrean.

Asteartetik ostegunera, 70 herrialdetako tokiko, eskualdeetako zein estatuetako 700dik gora lider bilduko ditu topaketak, "Ekintza klimatikorako lankidetza" lelopean, Eusko Jaurlaritzak jakinarazi duenez.

Jaurlaritza klima aldaketaren arloan gauzatzen ari den politikaren alderdirik garrantzitsuenak aurkeztera gonbidatu dute Euskadi biltzarrera, eta goi mailako mahai inguru batean aurkeztuko ditu, ostegunean, maiatzaren 23an. Eskualde eta estatu aurreratuenetako esperientziarik onenak eta lurralde bakoitzean izandako erronkak eta mugak aurkeztuko dira mahai inguruan.

Elena Morenok mahai inguru horretan aurkeztuko ditu Ingurumen Sailetik bultzatzen ari diren lege eta antolamendu ekimenak, esaterako, izapidetze bidean dauden Ingurumen Administrazioaren lege berriak eta Euskadiko Natur Ondarearen Kontserbaziorako legeak, bai eta klima aldaketaren inguruan izango den euskal legea ere.

Udalsarea 2030 moduko sareetan izandako koordinazio instituzionala, Euskadin ekodiseinua eta ekoberrikuntza sustatzeko lankidetza publiko-pribatua eta Europako eskualdeak ordezkatuta dauden nazioarteko sareen bitartez entzutearen garrantzia ere azpimarratuko ditu, bai eta horiek finantzatzeko politika ere.

LANKIDETZA BADEN WURTEMBERGEKIN

Baden Wurtembergeko Gobernuak martxoan gonbidatu zuen Eusko Jaurlaritza Ekintza Klimatikoaren Nazioarteko Biltzarrean parte hartzera, Donostian egindako klima aldaketari buruzko Change the Change nazioarteko biltzarrean. Bertan, Franz Untersteller Baden Wurtembergeko Ingurumeneko ministroak hizlari modura parte hartu zuen eskualde eremuaren panelean.

Hark hitz egin ondoren, Baden Wurtembergeko ordezkaritza Elena Moreno sailburuordearekin eta bere taldearekin bildu zen, etorkizunean lankidetzan aritzeko bideak aztertzeko. Elkarrizketa horien ondorioz parte hartuko du Eusko Jaurlaritzak Heidelbergeko Ekintza Klimatikoaren Konferentzian.

Alemania eta Baden Wurtemberg eskualdea interes handiko erreferentzia dira Euskadirentzat, klima aldaketaren arloan gauzatu dituzten ekintzen indarragatik eta estatu, eskualde eta udalerri mailetako gobernantzaren inguruan izandako arazoengatik, administrazioaren maila bakoitzean klima aldaketari aurre egiteko konpromiso maila desberdinak hartu baitituzte.