Koldo Almandozen "Oreina" eta Iban del Camporen "Espedizio handia", Edinburgoko Nazioarteko Zine Jaialdian

Koldo Almandozen "Oreina" eta Iban del Camporen "Espedizio handia", Edinburgoko Nazioarteko Zine Jaialdian
ETXEPARE EUSKAL INSTITUTUA - Archivo
Actualizado: miércoles, 19 junio 2019 12:36

BILBO, 19 (EUROPA PRESS)

Edinburgh International Film Festival (EIFF) jaialdia hasiko da asteazken honetan eta euskal zineak "toki berezia" izango du, Etxepare Euskal Institutuaren #ScotlandGoesBasque programaren eskutik. Horrela, Koldo Almandozen "Oreina" filma eta Iban del Camporen "Espedizio handia" film laburra izango dira ikusgai, zuzendariek beraiek aurkeztuta.

Etxepare Euskal Institutuak jakinarazi duenez, Eskozian "euskal zinearen udaberria izan da" aurten, apiriletik maiatzera bitartean euskal zinemagintzaren 40 urteren atzera begirakoa aurkeztu baitzuen CinemaAttic erakundeak Glasgown, Edinburgon eta Erresuma Batuko zenbait hiritan egindako askotariko jardueren bidez (zine emanaldiak, solasaldiak, zinea eta gastronomia uztartzen zituzten topaketak eta abar).

Orain, berriz, Eskozian Euskal Herriko zinemagileei eskainitako programazioak bere lekua izango du nazioartean egiten den zine jaialdi zaharrenean, Edinburgokoan, kasu honetan euskarazko zine berrienari bide eginez.

Hain zuzen, EIFFren Focus on Spain ildoan, Koldo Almandoz zuzendari donostiarrak "Oreina" aurkeztuko du Edinburgon, ekainaren 24an eta 26an, eta Eskozian estreinaldia izango da. Gainera, 2018ko Kimuak euskal film laburren bildumako piezatako bat izan zen Iban del Campo arrasatearraren "Espedizio handia" zientzia fikziozko pelikula Eskoziako hiriburuan ikusgai izango da ekainaren 26an.

"Oreina" da Koldo Almandozen (Donostia, 1973) bigarren luzemetraia. Txintxua Films-en ekoizpena da, eta Patxi Bisquert (Jose Ramon) eta Laulad Ahmed Saleh (Khalil) dira protagonistak. Javier Agirre du argazki zuzendari eta Laurent Dufreche muntaiaren egilea; musika Elena Setienek eta Ignacio Bilbaok idatzi dute. Almandozek berak idatzitako gidoian oinarrituta, filma gizakien eta espazio geografikoen mugez mintzo da, Khalil eta Jose Ramonen arteko harremana abiapuntu duela. Pelikulak Euskal Zinemaren Irizar Saria jaso zuen 2018ko Donostia Zinemaldian.

Halaber, Iban del Campo zinemagileak (Arrasate, 1971) Antonio del Camporekin batera idatzi eta Limbus Filmak-ekin elkarlanean ekoitzitako pelikula laburra da "Espedizio handia". Filmaren argazki zuzendaria Edward O. L'Estrange, editoreak Iban del Campo eta Benito Macias, eta soinuaren arduraduna Adrian Chom. L'Estrange familiako kideak antzezle dituen zientzia fikziozko filmak artxiboko materiala eta familiarteko Super 8 bideoak batzen ditu, planeten arteko bidaien zirrara islatu asmoz. Sinopsiak zera dio: "Gizakiak, berez dena baino gehiago izan nahi du, izarren hautsa baino zerbait gehiago".

JOAN-ETORRIKO MISIOA

Bestalde, kultur eragileen artean zubiak eraikitzea helburu duen #ScotlandGoesBasque programak euskal zine industriari so eginda, Etxepare Euskal Institutuak hainbat topaketa eta bilera bideratu ditu Edinburgoko Nazioarteko Zine Jaialdiak industriari zabaldutako atalean.

Horrela, Zineuskadi elkartearekin elkarlanean, joan-etorriko misio bat egingo da: orain euskal zine industriako zazpi profesional izango dira Edinburgon, EIFFen bat egiten duen merkatua ezagutu, euren lana aurkeztu eta beste profesionalekin esperientziak partekatzeko. Profesional horiek dira Jara Ayucar (Zineuskadi), Marian Fernandez (Txintxua Films), Alex Garcia de Bikuña (Marmoka Films), Miren Aperribay (Atera Films) eta Koldo Almandoz zein Iban del Campo zuzendariak.

Ondoren, irailean, Donostia Zinemaldian Glocal meets Scotland koprodukzio topaketa egingo da: zenbait eskoziar ekoizle gonbidatuko dituzte Zinemaldian dauden hegemonikoak ez diren europar hizkuntzetan film luzeak ekoizten dituzten profesionalekin elkartu eta edukiak nahiz ezagutza eta baliabideak partekatzeko.