Koldo Mitxelena Literatura Lehiaketako 2022ko irabazleak sarituko dituzte larunbatean Donostian

Koldo Mitxelena Literatura Lehiaketa
DONOSTIAKO UDALA
Actualizado: viernes, 27 mayo 2022 14:12

DONOSTIA, 27 (EUROPA PRESS)

Donostiako Udaleko Euskara Zerbitzuak 33. Koldo Mitxelena Literatura Lehiaketako irabazleak saritzeko ekitaldia egingo du larunbatean, maiatzaren 28an, 12:00etan, udaletxeko Udalbatza aretoan. Zehazki, 26 lan saritu dira eta 34 lanek aipamen berezia lortu dute. Parte hartzeari dagokionez, arrakastatsua izan da oso, 23 ikastetxetako 1.385 lan aurkeztu baitira aurten, pandemiako urteetan izan den igoerari eutsiz.

Urtero bezala, saridunak izango dira protagonista nagusiak ekitaldian. Dorleta Urretabizkaiak aurkezpen lanak egingo ditu, Iñaki Salvadorrek eta Ainara Ortegak musikaz apainduko dute ekitaldia, eta epaimahaiko kideak ere bertan izango dira lanak irakurtzen, erakusten eta kantatzen laguntzeko. Eneko Goia alkatea ere bertan izango da aurtengo saridunak eta aipatuak zoriontzeko.

Irabazle guztiek kulturarekin zerikusia duten produktuak jasoko dituzte: 50 euroko bonoak kultur produktuak erosteko, ebookak, margotzeko tabletak edota materiala eta abar.

Koldo Mitxelena Literatura Lehiaketaren 33. edizioan saritutako lanak liburuxka batean bildu dira eta www.donostiaeuskaraz.eus web orrian ikus daitezke (sei komiki, webkomiki bat, lau olerki, zazpi ipuin, lau bertso eta lau mikroipuin).

Gainera, Iñaki Martinarena 'Mattin' komikigileak, Beñat Gaztelumendi bertsolaria eta Yolanda Arrieta, Ana Malagon, Inazio Mujika eta Arantxa Urretabizkaia idazleek osatutako epaimahaizarentzat aipamen berezia merezi izan duten lanen zerrenda ere argitaratu da.

Jon Insausti Kulturako eta Euskarako zinegotzi ordezkariak nabarmendu du Koldo Mitxelena literatura lehiaketak arrakastatsua izaten jarraitzen duela: "Benetan poztekoa da hain ibilbide luzeko lehiaketak duen harrera haur eta gazteen artean. Ikus-entzunezkoen, sare sozialen eta plataforma digitalen aroan irakurzaletasunak eta literaturak lekua izaten jarraitzea garrantzitsua da".

LANTEGIA

Bestalde, aurten ere, 14-18 urteko kategorietako irabazleek literatura lantegi batean parte hartzeko aukera izango dute. Hain zuzen, kategoriako bost irabazlek Arantzan antolatuko den lantegian parte hartu ahal izango dute, Eusko Jaurlaritza Hezkuntza Sailaren Urruzuno Literatura Lehiaketako irabazleekin batera.

Insaustiren esanetan, "lantegi horretan literatur zaletasuna duten gazteek elkar ezagutzeko aukera izango dute eta egun zoragarriak igaroko dituzte. Aukera ezin hobea izango dute aisialdiaz eta literaturaz gozatzeko".