Koronabirusak eragindako 400 hildakoak gainditu ditu EAEk, 43 gehiago zenbatu ondoren

Nekane Murga
IREKIA
Actualizado: jueves, 2 abril 2020 16:10

GASTEIZ, 2 (EUROPA PRESS)

Euskal Autonomia Erkidegoan (EAE) 43 pertsona gehiago hil dira Covid-19 gaitzak eraginda, eta ondorioz, krisia hasi zenetik 412 lagun zendu dira. Gainera, beste 479 kasu positibo zenbatu dira, eta orotara 7.317 pertsona daude kutsatuta, horietatik 1.906 erietxean. Halaber, 2.490 pertsona osatu egin dira eta ospitaleko alta jaso dute.

Nekane Murga Osasun sailburuak eman ditu datuok, ostegun honetan, Eusko Jaurlaritzak Eusko Legebiltzarreko Diputazio Iraunkorrean egindako agerraldi telematikoan, Covid-19aren pandemiaren aurka hartutako neurrien berri emateko.

Lurraldeka, Araban 2.347 kasu positibo erregistratu dira orotara, eta horietatik 341 ospitalean daude; Bizkaian 3.682 kutsatu daude, 1.201 erietxean, eta Gipuzkoan 1.288 pertsonak eman dute positibo, eta horietatik 364 ospitalean daude.

Modu honetan, osasun krisia hasi zenetik ostegun honetara arte 412 pertsona hil dira EAEn, asteazkenean baino 43 gehiago. "Nire eta euskal gizarte ossoaren doluminak helarazi nahi dizkiet senideei eta gertukoei. Zalantzarik gabe, koronabirusaren pandemiaren zatirik txarrena da hau", azpimarratu du Murgak.

Osasun sailburuak adierazi du datu horiek estatistiken "zerra hortzak" erakusten dituztela, eta, duen informazioan oinarrituta, nabarmendu du EAE "lautada fasea" izeneko gaixotasunaren egonkortze egoeran dagoela.

Bestalde, Mikel Sanchez Osasun Planifikazio, Antolamendu eta Ebaluazioko zuzendariak azaldu duenez, orain arte 18.220 detekzio proba egin dira guztira. Asteazkenean 1.399 egin dira eta hamarretik zazpik negatibo eman dute.