Korrika Kulturalak sei ekitaldi eta hiru lehiaketa antolatu ditu

Actualizado: jueves, 8 enero 2015 13:52
av2" class="NormalTextoNoticia" itemprop="articleBody">

Eskuko telefonoetarako sortutako aplikazio batean kontsultatu ahal izango da agenda

   DONOSTIA, 8 (EUROPA PRESS)

   Euskal kultura bultzatzea eta euskara jendaurrearen esparru guztietara eramatea xede duen Korrika Kulturala aurkeztu dute gaur, urtarrilaren 8an, Donostia 2016ren egoitzan. "Fausto" antzezlanak, "Gosariak" ekimenak, "Hordago ardoa!" dastaketa saio artistikoek, Pirritx, Porrotx eta Marimotots pailazoek, Bertso Korrikak eta "Bertsolaritzaren sekretuak" emanaldiek egitarauaren oinarria osatuko dute.

   Gainera, Korrika Kulturalak hiru lehiaketa abiaraziko ditu, eta, Korrikaren webgunean ez ezik, bere ikuskizunen eta emanaldien agenda eskuko telefonoetarako propio sorturiko aplikazio batean kontsultatu ahal izango da.

   Asier Amondo Korrika arduraduna, Unai Bilbao Akting enpresako kidea (aplikazioaren sortzailea) eta Sergio Regueiro Korrika Kulturalaren arduraduna izan dira aurkezpenean.

   Galder Perezek zuzenduriko "Fausto. Herritar eredugarri" antzezlana urtarrilaren 29an estreinatuko da, Donostiako Antzoki Zaharrean, eta ondoren Burlatan, Gasteizen, Gernikan eta Bilbon ikusgai izango da.

   Bestalde, Joseba Sarrionaindia idazleak, Gose musika taldeak eta Iñigo Arregi eta Juan Luis Goikolea artista plastikoek indarrak batu dituzte "Gosariak" lanean. Sarrionaindiak sortutako testuak kanta bilakatzen dira Goseren eskutik, eta, era berean, irudi bihurtzen dira Iñigo Arregi eta Juan Luis Goikolearen lanari esker. Estreinaldia urtarrilaren 22an izango da, Bilbon, eta ondoren, Eskoriatzan, Donostian, Hendaian, Gasteizen, Igorren eta Iruñean izango da lana.

   Halaber, "Hordago Ardoa" artez jantzitako ardo dastaketak izango dira, Mikel Garaizabal enologoak eta bere bandak egingo dituztenak, zuzeneko musika, margolanak, antzezpena eta bideoa uztartuz. Lehen emanaldia martxoaren 5ean izango da, Errenterian, eta ondoren, Zallan, Gasteizen eta Lizarran egingo da, besteak beste.

   Gainera, Pirritx, Porrotx eta Marimotots pailazoek Txo mikmak indioa aurkeztuko dute Sondikan, Izpuran eta Lodosan, eta, Bertzozale Elkartearekin elkarlanean, Bertso Korrika saioak egingo dira martxoaren 1etik 15era lurralde guztietan. Horrez gain, emakume bertsolarien historia gogora ekarriko duen "Bertsolaritzaren sekretuak. Isilduriko emakumeen historia" emanaldiak egingo dira Hernanin, Iruñean eta Mungian.

LEHIAKETAK

   Bestalde, jendearen parte hartzea bultzatzeko, argazki lehiaketaz gain, Korrika hasi baino lehen, Korrika Kulturalak hiru lehiaketa abian jarriko ditu: abesti bertsioa, kopla lehiaketa eta bideo lehiaketa.

   Alde batetik, Korrika 19ren abestia ahalik eta gehien zabaltzeko asmoz, musika talde desberdinen arteko bideo lehiaketa antolatu da. Talde bakoitzak Korrika 19ko abestiaren bertsioa prestatu beharko du, letra bere horretan mantenduz eta musika bere estilora egokituz. Saria taldearentzako egonaldi bat izango da, eta kanta martxoaren 9a baino lehen bidali behar da korrika.aek@gmail.com helbide elektronikora. Erabakia martxoaren 15ean hartuko da.

   Bestalde, Euskal Herriko Bertsozale Elkartearekin elkarlanean antolaturiko bideo kopla lehiaketak helburu bikoitza du: alde batetik, euskara ikasten edota praktikatzen dabiltzanak bertsolaritzaren mundura hurbiltzea eta, bestetik, bertsolaritzak euskara praktikatzeko eskaintzen dituen aukerak erakustea.

   Sei koplaz osatutako bertsoaldi bat idatzi eta bideoz grabatu beharko da. Martxoaren 9a baino lehen bidali beharko da korrika.aek@gmail.com helbide elektronikora eta erabakia martxoaren 15ean erabakia hartuko da. Talde irabazleak bertso bazkaria izango du sagardotegian, bi bertsolarirekin batera.

   Hirugarrenik, euskalkien inguruko bideo lehiaketa antolatu da. Parte hartzaile bakoitzak, norbanako zein taldeak, bere euskalkiaren inguruko bideoa prestatu beharko du, tokiko euskalkiaren inguruan nahi duen informazioa zabalduz. Saria Mac gailu bat izango da, eta lanak martxoaren 9a baino lehen bidali behar dira (korrika.aek@gmail.com). Martxoaren 15ean erabakia hartuko da.

APLIKAZIOA

   Azkenik, Korrika Kulturalaren agenda, Korrikaren webgunean ez ezik, eskuko telefonoetarako propio sortutako aplikazioan kontsultatu ahal izango da. Akting enpresak garaturiko app-a laster egongo da Google Play eta App Storen deskargatzeko moduan.

   Bertan, Korrika Kulturalaren agendarekin batera, Korrikaren ibilbidea eta martxoaren 19tik 29ra unean uneko lekuko eramailea nor den jakin ahal izango da, edota, hasiera (martxoak 19, Urepel) eta bukaera egunetarako (martxoak 29, Bilbo) informazio interesgarria.

   Halaber, berrikuntza moduan, Korrikak irauten duen egunetan egingo den argazki lehiaketa ere bertan jarraitu ahal izango da, eta egunero jendeak bidalitako argazkirik onenek saria izango dute.