Kultur ondarearen digitalizazio, dokumentazio eta zabalkundean izandako aurrerapenak aztertuko dituzte Artiumen

Artium
ARTIUM
Actualizado: viernes, 19 octubre 2018 17:11

GASTEIZ, 19 Oct. (EUROPA PRESS) -

Gasteizko Artium Arte Garaikideko Euskal Zentro Museoak Arte Garaikideko Dokumentazio Zentroen IX. Topaketak antolatu ditu, "Ondare erakundeen ezagutzaren ustiaketa, integrazioa eta zabalkundea" izenburupean. Kultur ondarearen digitalizazioan, dokumentazioan eta zabalkundean egin diren aurrerapenen berri emango dute adituek jardunaldiotan. Topaketak urriaren 24an eta 25ean izango dira, zentro gasteiztarreko arduradunek jakinarazi dutenez.

Bi urtean behin egiten diren topaketa hauetan, museo, unibertsitate eta liburutegietako ondare artxiboetako tratamenduaren eta zabalkundearen alorrean dauden aditu nagusietako batzuk elkartu ohi dira.

Aurten jorratuko den gaia ondare erakundeen ezagutzaren integrazioa eta zabalkundea izango da. Horretarako, Madrilgo Prado Museoko, Kataluniako Arte Museo Nazionaleko, Espainiako Liburutegi Nazionaleko, Espainiako Irrati Telebistako, Euskal Herriko unibertsitateetako, eta Madrilgo Carlos III.a Unibertsitateko eta Unibertsitate Politeknikoko adituak gonbidatu dituzte, besteak beste.

Antolatzaileen esanetan, web semantikoa, datu estekatuak, adimen artifiziala, erabiltzaile esperientzia edota elkarlaneko prozesuak komunikazio digitalaren esparruan finkatuta geratu diren termino, teknologia eta kontzeptuak dira, dokumentazioaren eta artxiboaren alorrean egiten den lanari ere nahitaez eragin diotenak.

"GLAM edo Galeria, Liburutegi, Artxibo eta Museoen sektorea, ondare kulturaren erakunde arduradun gisa, oso proiektu interesgarriak ari da aurrera eramaten, metatutako ezagutza horren zabalkundea errazte aldera. Proiektu horietako batzuk Arte Garaikideko Dokumentazio Zentroen Topaketa hauetan aurkeztuko dira", azaldu dute.

Topaketak Artiumen Emanaldi aretoan izango dira bi egunetan. Goizeko eta arratsaldeko saioen ondoren, jorratutako gaien inguruko eztabaida saioa egingo da. Lehen egunaren amaieran, museoaren bisita gidatu bat ere eskainiko zaie parte hartzaileei.