Kulturan izango diren laguntzak "enpresa zein banakoei" heldu behar zaizkiela nabarmendu dute EAEko herri erakundeek

Glu Glu konpainiaren 'Pinotxo'.
GETXOKO KULTUR ETXEA - Archivo
Actualizado: viernes, 3 abril 2020 17:16

BILBO, 3 (EUROPA PRESS)

Kulturaren Hakobaren ezohiko bilera izan da ostiral honetan, erantzun koordinatua diseinatzeko Covid-19 gaitzaren hedatzeak kulturaren esparruan izan dituen ondorioen aurrean, eta Eusko Jaurlaritzak, Araba, Bizkai eta Gipuzkoako aldundiek, Bilbo, Donostiako eta Gasteizko udalek eta Eudel erakundeak nabarmendu dute "egoera ekonomiko berriari aurre egiteko onartutako laguntzak enpresa eta banakoei ere heldu" behar zaizkiela.

Eusko Jaurlaritzak jakinarazi duenez, Kultura eta Hizkuntza Politikako sailburu Bingen Zupiria eta Kultura sailburuorde Joxean Muñoz izan dira bileraren buru, eta diputazioetako, hiriburuetako udaletako eta Eudel erakundeko kultur arloko ordezkari nagusiekin bildu dira, era telematikoan.

Lehenik eta behin, koronabirusaren hedapenari aurre egiteko osasun larrialdiak eta alarma egoerak kultur ehunean izan dituzten ondorioak aztertu dituzte bilerako parte hartzaileek.

Jarraian, Euskal Autonomia Erkidegoko (EAE) herri erakundeetako kultur arduradunek azpimarratu dute oso garrantzitsua dela kultur arloko enpresei eta banakoei "berariazko kontsulta eta aholkularitza zerbitzua eskaintzea", eta, aldi berean, "egoera ekonomiko berriari aurre egiteko onartutako laguntzak enpresa eta banako horiei ere heldu" behar zaizkiela.

Bestalde, bileran parte hartu duten ordezkariek nabarmendu dute neurriak hartu behar direla kultur programazioa berreskuratzeko, egungo egoeraren ondorioz bertan behera geratu diren ikuskizunak berreskuratuz. Azkenik, herri erakundeek nabarmendu dute dirulaguntzen deialdietako arauak malgutu behar direla, egoera berrira egokituz eta kultur sorkuntzara zuzendutako deialdi publikoak mantentzen saiatuz.

Erakunde publikoetako ordezkariak datozen egunetan bilduko dira berriro Covid-19ren krisiak kulturgintzan izan ditzakeen ondorioei erantzun partekatua eskaintzen jarraitzeko asmoz.

KULTURAREN HAKOBA

Kulturaren Herri Aginteen Koordinaziorako Batzarra (Hakoba) administrazio publikoak koordinatzeko batzordea da, eta Eusko Jaurlaritzako, foru aldundietako eta udaletako kultur arloko arduradunak biltzen ditu. Kultur proiektuak eta politikak koordinatzea eta partekatzea du helburu, eta maiz biltzen da. Ostiral honetako bilera ezohikoa izan da.

Zupiria eta Muñozekin batera, bileran izan dira Lorea Bilbao Bizkaiko Euskara eta Kulturako diputatua, Harkaitz Millan Gipuzkoako Kultura, Lankidetza, Gazteria eta Kiroletako diputatua, Ana del Val Arabako Kultura eta Kiroletako diputatua, Andoni Iturbe, Maria Jose Telleria eta Inmaculada Sanchez Bizkaiko, Gipuzkoako eta Arabako Kultura zuzendariak, hurrenez hurren, Gonzalo Olabarria, Jon Insausti eta Estibaliz Canto Bilboko, Donostiako eta Gasteizko Kultura zinegotziak, Iñaki Lopez Aguileta eta Jaime Otamendi Bilboko eta Donostia Kultura zuzendariak eta Txomin Sagarzazu Hondarribiko alkatea eta Eudeleko ordezkaria.

Eusko Jaurlaritzaren aldetik, Aitziber Atorrasagasti Kultura Sustatzeko zuzendariak eta Mikel Aizpuru Kultura Ondarearen zuzendariak ere partu hartu dute bilkuran.