Lanbide Heziketako 2.000 ikasle inguru elkartu ditu VIII. Ikasenpresa Azokak, Eibarren

Azokan izan diren ikasleetako batzuk
IKASENPRESA
Actualizado: jueves, 14 febrero 2019 13:56

DONOSTIA, 14 (EUROPA PRESS)

Ikasgeletan ekintzaile kultura lantzen duten Lanbide Heziketako ikasleak elkartu dira ostegun honetan, Eibarren (Gipuzkoa), Ikasenpresa Azokaren zortzigarren edizioan. Txaltxa-zelain eta Untzaga plazan kokatutako karpa eta standetan erakutsi dituzte 2.000 ikasle inguruk euren ikastetxeetan garatu dituzten produktu eta zerbitzuak, ekintzailetza sustatzea helburu duen Ikasenpresa programaren baitako proiektu gisa. 376 Ikasenpresa proiektu erakutsi dira azokan, guztiak ere Euskadiko Lanbide Heziketako 81 ikastetxetako ikasleek eginak.

Azokaren irekiera ekitaldian eta ondoren standez stand egin den bisitan izan dira Rikardo Lamadrid Eusko Jaurlaritzako Teknologia eta Ikaskuntza Aurreratuen zuzendaria, Miguel de los Toyos Eibarko alkatea, eta Iñaki Mujika Tknika Lanbide Heziketari Aplikatutako Ikerketa eta Berrikuntza Zentroko zuzendaria.

Ikasleek garatu dituzten produktu edo zerbitzu horiek erabat dira arlo eta sektore ezberdinetakoak, besteak beste, osasunaren eremukoak, ostalaritzakoak, informatikakoak, energia arlokoak, robotikaren ingurukoak, ile apaindegi eta estetika arlokoak, eraikuntzakoak edo nekazaritza sektorekoak.

Ikasgeletan eskola enpresak sortzearen inguruan garatzen den hezkuntza programa da Ikasenpresa. Proiektuaren helburuen artean daude enpresaren mundua ikasgeletara hurbiltzea eta gaitasun ekintzaileen garapena sustatzea: sormena, berrikuntza, talde lana, erabakiak hartzea, informazioaren kudeaketa, iniziatiba, lidergoa, konpromisoa, negoziazioa eta abar. Horrez gain, ikaslea beste kultura eta gizarte errealitate batzuetara hurbildu eta ikastetxeen arteko elkarlana sustatu nahi da.

Programaren helburuak dira ikasenpresa bat sortzea, ikasleak ekintzaile izateak zer esan nahi duen jabe daitezen; ikasleen gaitasunak garatzea, profesional onak izan daitezen, enplegagarriak, aktiboak, ekintzaileak edo euren lantokietan ekintzaile izateko; autoenplegua beste aukera on bat dela jabetzeko ikasleak sentsibilizatzea.

Modu honetan, ikasleek enpresa txiki bat martxan jartzen dute ikasgelan, eta enpresaren jarduera guztiak aurrera eramaten dituzte (irudi korporatiboa, administrazioa, marketina, salerosketa eta abar). Produktu edo zerbitzu errealak izaten dira, beraiek ekoiztu edo
merkaturatutakoak.