Lanbidek garatutako laneratzeko enpresen eredu berriak Andaluziaren interesa piztu du

Actualizado: miércoles, 6 abril 2011 14:41

BILBO, 6 Abr. (EUROPA PRESS) -

Lanbide Enplegu Euskal Zerbitzuak garatutako laneratzeko enpresen eredu berriak Malagako Diputazioaren, Andaluziako Enplegu Zerbitzuaren eta Andaluziako Juntaren interesa piztu du. Lanbideko zenbait teknikari Malagara joan dira gaur Euskal Autonomia Erkidegoan (EAE) garatu den ereduaren berri emateko eta Malagako Diputazioari eta Andaluziako Juntari aholkularitza emateko, EAEn ezarritakoaren antzeko proiektua abian jarri dezaten.

Mariano Cortes Lanbideko lan-aktibazioko zuzendariak bisitan azalduko duenez, Eusko Jaurlaritzaren erronketako bat "laneratzeko enpresak sustatzea da, haien hazkundean lagunduz, Diru-sarrerak Bermatzeko Errenta (DBE) jasotzen dutenen aktibazioa lortzeko". Cortesen iritziz, beharrezkoa da enpresa horiek esparru anitzagoetara ireki daitezen sustatzea edota bideratzea. "Horrez gain, merkataritza-trukeetan enpresen lankidetza sustatu nahi dugu, eta enpresa horien presentzia agerikoagoa egin, bai gizarte osoaren aurren bai eragile sozio-ekonomikoen aurrean", dio.

Cortesek zenbait txosten aurkeztuko ditu Andaluzian, zenbait bileratan parte hartuko du gaur eta bihar, eta mahai-inguru bateko kide izango da Malagako Diputazioko eta Andaluziako Juntako Enplegu Saileko arduradunekin batera, besteak beste, Lanbidek garatutako ereduaren ildo nagusiak azaltzeko. Bere esku-hartzea "E+I laneratzeko enpresak: errealitateak eta aukerak" programaren barruan kokatzen da.

Enpresak sortzeko eta laneratzeko egitasmo horrek modu integralean sustatzen du "eskualdeen eta nazioen arteko lankidetza eta elkarren arteko konponbide-bilaketa Andaluziatik eta Espainiako eta Europako beste eskualdeetatik datozen erakundeen artean, eta informazio, esperientzia eta produktuen elkartruke profesionalak, laneratzeko enpresak abian jarri eta kudeatzeko, enplegu-politika aktiboak Andaluziari eskualdatzeari begira".

Halaber, jardunaldietan parte hartuko dute Kataluniako Generalitateko ordezkariak, Kataluniako eta Andaluziako laneratzeko enpresen federazioko kideak eta Italiako Sociale Agora partzuergoko ordezkariak.