Lesboserako banaketarako furgoneta bat erosteko behar zituen 40.000 euroak lortu ditu Zaporeak ekimenak

Errefuxiatuen gunea Lesbosen.
Angelos Tzortzinis/dpa
Actualizado: martes, 28 enero 2020 12:05

BILBO, 28 (EUROPA PRESS)

Zaporeak ekimenak diru bilketa kanpaina jarri zuen abian urtarrilaren 7an, Lesbos irlako (Grezia) errefuxiatuen artean elikagaiak banatzeko furgoneta bat erosteko 40.000 euro lortu ahal izateko, eta helburua lortu du dagoeneko. Hiru hilabeteko epea jarri zion egitasmoak bere buruari diru kopuru hori lortu ahal izateko, baina azkenean 20 eguneko epean bildu du eta esker ona adierazi die lagundu duten guztiei.

"Euskal gizartearen babesa eta engaiamendua handia izan da eta eskuzabaltasuna agerian geratu da. Askotariko ekarpenak egin dira, handiak, ertainak zein txikiak; norbanakoak eginda nahiz enpresa eta kooperatibek. Guztiei eskerrik asko. Badakigu, jakin ere, arazoak egon direla hainbat ekarpen egiterako garaian, barkatu eragozpenengatik", adierazi dute astearte honetan Zaporeak ekimenetik.

Furgoneta berriarekin alokairuan gastatzen duen dirutza aurreztuko du ekimenak, eta diru hori erabili ahal izango du pertsona errefuxiatuei jaten emateko. Hala ere, eguneroko lanak babes handia behar duela gogorarazi dute, eta proiektuan laguntzen jarraitzeko eskatu. Bada, horretarako bi kontu korronte ditu ekimenak: ES32 2095 5011 80 9115250322 (Kutxabank) eta ES71 3035 0103 88 1030035880 (Laboral Kutxa).

Horrez gain, maila aktiboan Zaporeak ekimenarekin elkarlanean aritu nahi duena harremanetan jar daiteke 688 67 66 00 telefono zenbakira hots eginez edo komunikazioa@zaporeak.eus helbide elektronikora iritsiz.