Luis Sepulveda eta Isaac Rosa idazleak literatura eta konpromiso ideologikoaz ariko dira asteartean, Bilbon

"Eztabaidak literaturarekin" ekimenaren saio berria
BILBOKO UDALA
Actualizado: domingo, 21 octubre 2018 9:44

BILBO, 21 Oct. (EUROPA PRESS) -

Bilboko Udalak antolatzen duen "Eztabaidak literaturarekin" ekimenak Luis Sepúlveda txiletarra eta Isaac Rosa espainiarra batuko ditu Bidebarrieta Kulturgunean datorren asteartean, urriaren 23an, literaturaren eta konpromiso ideologikoaren inguruko topaketa batean. Jendaurreko solasaldien bitartez, zikloak literaturako zenbait profesionalengana hurbiltzea proposatzen du.

Topaketa Jose Blanco poetak moderatuko du, eta gonbidatuei hainbat gai planteatuko dizkie, besteak beste, egileak irakurleekin duen konpromiso pertsonala, literaturaren eta ideologiaren artean ustez dagoen bateraezintasuna, sortzeko askatasuna, lanari aurre egiteko orduan idazleak dituen lehentasunak, testuaren bitartez erreibindikatzeko beharra edo literaturak gauzak aldatzeko eta bidegabekerien kontra borrokatzeko duen benetako gaitasuna.

Antolakuntzak jakinarazi duenez, ekitaldia arratsaldeko 19:30ean hasiko da, Bidebarrietako liburutegiko ekitaldi aretoan. Sarrera librea izango da, eserleku guztiak bete arte, eta streaming bidez jarraitu ahal izango da www.kulturguneatb.eus webgunearen bitartez.

Luis Sepúlveda (Ovalle, Txile 1949) mundu osoan gehien irakurtzen den Latinoamerikako idazleetako bat da. Oso gaztetatik "geografiaren eta utopien ia lurralde posible guztiak" ezagutu ditu, eta gorabeheraz betetako bizitza horren berri ematen jakin du, "istorioen kontatzaile bikaina izaki, kontakizun eta eleberri zirraragarrietan". Bere idea politikoaren eta sozialaren barruan, planetaren desorekak eta gizateriaren etorkizunak sortzen dion ardura nabarmentzen da.

Bestalde, Isaac Rosak (Sevilla, Espainia, 1974) hainbat eleberri idatzi ditu, eta bere lana hainbat hizkuntzatara itzuli da. Sarritan aritzen da "Zona Crítica" eldiario.es egunkari digitalaren blog-ean eta "El Jueves" aldizkarian.