Lurraldebusek 24,8 milioi bidaia egin zituen 2018an, inoizko gehien

Lurraldebusek 24,8 milioi bidaia egin zituen 2018an, inoizko gehien
GIPUZKOAKO ALDUNDIA
Actualizado: jueves, 21 marzo 2019 12:57

DONOSTIA, 21 (EUROPA PRESS)

Lurraldebusek historian izan duen gehiengoa lortu zuen 2018an, 24,8 milioi bidaiarekin, aurreko urtean baino 384.000 gehiago, hau da, %1,6 gehiago. Marisol Garmendia Gipuzkoako Aldundiko Mugikortasuneko eta Lurralde Antolaketako foru diputatuak eman du Lurraldebusen emaitzen berri, ostegun honetan, Batzar Nagusietan.

Urteko txostenetik ondorioztatzen denez, Lurraldebusek "erritmo esanguratsuan" jarraitzen du hazten: 2016an %4ko igoera erregistratu zuen eta 24 milioi bidaia izan ziren; 2017an ia %2 egin zuen gora, eta 24,5 milioi izan ziren, eta, 2018an markak hautsi ziren, 24,8 milioi bidaiarekin.

Erabilera eskualde guztietan igo zen, Tolosaldean eta Urola Kostan izan ezik, langileen greba eta etengabeko lur jausien ondorioz, hurrenez hurren. Goierrialdeak eta Urola Erdiak izan zuten igoerarik handiena, %5,7 egin baitzuten gora. Gehien hazi ziren lineak honako hauek izan ziren: Tolosa eta Donostia arteko zuzena (%8,7), Azkoitia eta Donostia lotzen dituen linea (%7,4), eta Bilboko aireportura doazen lineak, bai Donostia-Bilboko aireportua (%13), bai Arrasate-Bilboko aireportua (%24,7).

Garmendiak berak eskatuta egin duen agerraldian esan duenez, "2018an Lurraldebus zerbitzuaren bilakaera oso positiboa izan dela ulertu behar da. Datuen bidez egiaztatzen da hazkuntza orokorra izan dela, eta horrek sendotu egiten du Gipuzkoako Aldundiak Lurraldebusen garraio publikoaren eraginkortasuna hobetzeko egiten duen apustua".

Diputatuak adierazi du saiatu direla gipuzkoarren benetako mugikortasun beharrei erantzuten eta, horretarako, ordu puntuetan zerbitzuak sendotzen, asteburuetan eta udan gaueko ordutegiak zabaltzen, erabiltzaileei tresna teknologiko berrien bidez ematen zaien informazioa hobetzen.

HOBEKUNTZAK

Lurraldebusen urteko txostena hobekuntzak sartzen joan da, besteak beste, Batzar Nagusien Mugikortasun Batzordea eratzen duten talde politikoek Lurraldebusen 111 lineen hiriarteko autobusen zerbitzuen puntualtasunaren inguruan iradokitakoak. Horren harira, txostenean jaso denaren arabera, Lurraldebusen autobusen puntualtasun maila %93,3koa da, kontuan hartuta garraioan puntualtzat jotzen direla gehienez bost minutuko gorabeherak. Horrela, Lurraldebusen zerbitzuen %6,6 baino ez da irteten bost minututik gorako atzerapenarekin.

Bestalde, Lurraldebusen kudeaketari buruzko urteko txostenak 900 300 340 doako telefonoaren bidez abian jarritako Arreta Zerbitzuaren inguruko datuak ere jaso ditu. Zerbitzuak urteko egun guztietan funtzionatzen du, 08:00etatik 20:00etara, eta iaz 78.042 dei izan zituen, 2017an baino %50,8 gehiago, alegia, hilean 5.600 dei baino gehiago, batez beste. Komunikazioen bolumenean izan den gorakada horren ondorioz, gora egin du eskaintzen den zerbitzuak eta, horrela, zabaldu egin da ordutegia eta beste hiru langile gehiago kontratatu dira.

Erabiltzaileek Lurraldebusekin harremanetan jartzeko duten modua dela eta, %92k bezeroari arreta emateko telefonoaren bidez egin zuen, %68 emakumea zen, eta %72k gaztelaniaz eta %27k euskaraz egin zuen; %69k Lurraldebusen zerbitzuari buruzko informazioa eskatzeko deitu zuen, eta %3,2 kexak eta erreklamazioak egiteko.