Makina erremintaren sektoreko 36 euskal enpresak parte hartuko dute Milango EMO azokan

Actualizado: lunes, 5 octubre 2015 17:56

BILBO, 5 Oct. (EUROPA PRESS) -

Eusko Jaurlaritzako Industria eta Energiako sailburuorde Javier Zarraonandiak eta SPRI Taldeko zuzendari Alexander Arriolak babesa azaldu diete astelehen honetan Milanen aste osoan zehar EMO-Milano 2015 azokan egongo diren makina erremintaren sektoreko 36 euskal enpresei.

Fabrikazio teknologien arloko munduko azoka garrantzitsuenetako bat da EMO-Milano, industriari aplikatutako azken teknologia eta ezagutzen erakusleiho. Bertan dagoen euskal ordezkaritza Espainiako Estatukoaren %66 da, eta "hor ikusten da argi asko zeinen potentzial handia daukan makina erremintak gure herrian", Eusko Jaurlaritzako ordezkariek adierazi dutenez.

Sailburuordeak eta SPRI Taldeko zuzendari nagusiak bertatik bertara ikusi ahal izan dute makina erremintaren sektoreko euskal enpresek mundu mailako puntako teknologia darabiltela, Alemaniako edo Italiako enpresa onenen pare. Zarraondandiak eta Arriolak eta euskal enpresa horietako ordezkari gehienek sektoreko egoeraren diagnostiko berdina egin dute eta bat etorri dira azpimarratzean sektoreak Euskadin daukan sendotasun ekonomikoa. Bisitan, Zayer enpresako ordezkariekin egon dira eta berriro adierazi zaie Administrazioaren babes osoa, Arantxa Tapia sailburuak duela gutxi egin zuen bezala.

Hain zuzen ere, EMOren testuinguruan, BECek Makina Erremintaren Bienalaren hurrengo edizioa aurkeztuko du. Edizio hori 2016ko maiatzaren 30etik ekainaren 4ra izango da. "Bienala merkatua dinamizatzeko ekitaldi bat da, eta aukera ematen du operazio komertzialak egiteko mundu osoko agenteekin. Erreferente bat maila nazionalean eta Europako hirugarren azoka garrantzitsuena bere espezialitatean, sektoreari erakutsiko dizkio zein garapen berri dauden erramintetan, makinan, osagaietan, automatizazioan, metrologian, kalitate kontrolean, eta abarretan", adierazi dute.

EMOk, bi urtean behin egiten den erakusketa ibiltariak, Milan aukeratu du aurten azokaren kokapenetako bat bezala, eta hala, txandaka egingo da urte batean Hanovorren eta hurrengoan Milanen. Erakusketarako erreserbatutako 120.000 metro koadro garbi ditu, 12 aretotan banatuta, eta 1.600 enpresa erregistratuta ditu.