Melissa Aldana saxofoi jotzaile txiletarrak hasiko du asteazkenean Getxoko 45. Jazzaldia

Archivo - Melissa Aldana
GETXOKO KULTUR ETXEA - Archivo
Actualizado: martes, 28 junio 2022 18:23

BILBO, 28 (EUROPA PRESS)

Getxoko Nazioarteko Jazzaldiaren 45. ekitaldia hasiko da asteazkenean, ekainaren 29an, Melissa Aldana saxofoi jotzaile txiletarraren emanaldiarekin. Gainera, talde lehiaketako lehen finalista den Archipiélagos boskotearen eta Lucia Fumero konpositore eta abeslaria buru duen hirukotearen kontzertuak izango dira.

Antolakuntzak jakinarazi duenez, ordainpeko kontzertuek ohiko formatua izango dute Muxikebarrin, 21:00etatik aurrera. Hasteko, Archipiélagos talde lehiaketako finalista arituko da. Francesca Remigi bateria jotzaile eta konpositoreak gidatzen du Bruselan 2019an sortu eta Italian egoitza duen nazioarteko boskotea, eta musika klasiko garaikidean, rock progresiboan eta Indiako musika karnatikoan oinarritutako jazza interpretatzen du, doinu elektronikoen eta free jazzaren eraginekin.

Talde lehiaketako lehen emanaldiaren ondoren, Melissa Aldana jazz latinoamerikarraren izen nabarmenak joko du. 2013an, Thelonious Monk nazioarteko lehiaketa entzutetsua irabazi zuen lehen instrumentista bihurtu zen kontinentearen hegoaldean.

2020an Grammy sarietarako izendatu zuten Jazzeko Bat-bateko Solo Onenaren kategorian, 'Visions' diskoko 'Elsewhere' kantan egindako interpretazioagatik. Lan horri esker arrakasta eta oihartzun handia lortu zuen publikoaren eta kritikaren artean. Getxon, saxofoi jotzaile gaztea laukotean arituko da, Lage Lund (gitarra), Pablo Menares (baxua) eta Kush Abadey (bateria) alboan dituela.

Lucía Fumero Trío hirukotearen kontzertuarekin osatuko da Getxoko Jazzaldiaren lehenengo eguneko programa. Hirugarren Milurtekoa atalean izango da, Algortako Geltokia plazan, 19:00etan, doako sarrerarekin. Fumero musikagile eta abeslari katalana buru duen taldeak 'Universo normal' bere lehen proiektuko kantak aurkeztuko ditu, folkloretik sortu eta jazz eremuetara bideratzen den lana, eragin klasikoak besarkatuz. Getxon, Martín Leiton (kontrabaxua) eta Juan Rodríguez Berbín (bateria eta perkusioak) izango ditu ondoan.

Halaber, Getxoko Jazzaldia dela eta, Luis Peña Soto argazkilari madrildarraren 'En clave de jazz' argazki erakusketa izanbgo da Romo Kultur Etxean uztailaren 29ra arte. AEBetako agentzietan eta Greenpeace erakundean lan egin ondoren, 2000. urtetik jazzaren munduan murgildu da, eta interes horren ondorioz sortu du erakusketa, generoko interpreteak omentzen dituena.