Michael Nymanek musika eta zinema uztartuko ditu asteazkenean Donostiako Kursaalen

Actualizado: lunes, 20 febrero 2012 12:24
cia" class="NormalTextoNoticia" itemprop="articleBody">

DONOSTIA, 20 (EUROPA PRESS)

   Michael Nyman pianistak musika eta zinema uztatuko dituen ikuskizun bat aurkeztuko du asteazken honetan, otsailaren 22an, arratsaldeko 20:00etatik aurrera, Donostiako Kursaal Jauregiko Ganbera Aretoan.

   Programak bi zati izango ditu. Aurrenekoan, Michael Nyman Band taldearen arrakasta handiak entzungo dira, "Michael Nyman" diskoaren berrargitalpen bereziaren harira, taldearen lehen diskoaren 30. urteurrena ospatuz. Bigarren partean, "Vertov Sounds" diskoko piezetako bat estreinatuko da; Dziga Vertoven "A Sixth Part of the World" (1926) filmaren soinu-banda da, Michael Nymanek 2010ean konposatu zuena eta Michael Nyman Bandek filmaren proiekzioaren gainean joaz interpretatuko duena.

   "A Sixth Part of the World" filmaren musika Vienna Konzerthaus orkestrak Michael Nymani egindako eskaera bat izan zen. Nymanek 2009an grabatu zuen, eta diskoa 2010ean argitaratu zen, "Vertov Sounds" izenburupean. Disko honetan dago "The Eleventh Year" obra, hau ere Nymanek soinu-banda ipini zion Vertoven filma. Kasu honetan, Kunstfest Weimar jaialdiaren, ZDFren eta ARTEren eskaera izan zen. Vertoven bi film hauek berez mutuak dira.

   Michael Nymanen eta Vertoven arteko harremana 2003an hasi zen, urte hartan Nymanek "Man with a Movie Camera" filmaren soinu-banda konposatu baitzuen. Errusiar maisuarekiko topaketa funtsezkoa izan zen Nymanen planteamendu estetikoaren definizioan, zinemaren eta dokumentalaren esperimentazioari zegokionez.

   Michael Nyman musikagile britainiar berritzaile eta txalotuenetako bat da, eta oso lan zabala egina du: operak, hari-laukoteak, soinu-bandak eta kontzertu-orkestrak. Konpositorea izateaz gain, interpretea, zuzendaria, pianista, idazalea, musikologoa, argazkilaria eta zinemagilea da. "Berpizkundeko gizontzat" jotzen dute; izan ere, bere sorkuntza-interesak eta balioaniztasun artistikoak gaur egungo kultura-ikono liluragarri eta eraginkorrenetako bat bihurtu dute.

"PIANOA"

   Fama izugarria eskuratu zuen Jane Campionen "Pianoa" (1993) filmaren soinu-banda saritua konposatu ondoren. Beste film askorentzako musika ere konposatu du, europar egile independenteen filmetarako bereziki. Hollywooderako soinu-banda bakan batzuk egin ditu: "Gattaca", "Ravenous" (Damon Albarnekin) eta "The End of the Affair".

   Zinemarekin zerikusirik ez duten Nymanen obrarik ezagunenak, berriz, honako hauek dira: "Noises, Sounds & Sweet Airs" (1987) soprano, altu, tenor eta instrumentu-taldearentzat ("La Princesse de Milan" filmaren soinu-bandan oinarritua, hura ere Nymanena); "Ariel Songs" (1990) soprano eta bandarentzat; "MGV (Musique à Grande Vitesse)" (1993); "The Man Who Mistook His Wife for a Hat" (1986), Oliver Sacks-en azterlan batean oinarritua), eta zenbait hari-koarteto.

   Nymanen obra asko Michael Nyman Band bere taldearentzat idatzi dira berariaz. Talde hau 1976an sortu zen, Carlo Goldoniren "Il Campiello" izeneko lan batentzat. Taldea, hasieran, antzinako tresnek osatua zen, rabelak eta txirimiak besteren artean, eta horien ondoan tresna modernoak zeuden, saxofoia esate baterako (anplifikagailurik gabe ahalik soinurik fuerteena eskuratzeko erabilia), baina gero hari-laukote zabaldua bihurtu zen -hiru saxo, tronboi baxu, baxu eta pianoarekin-, zenbait lan jakinetarako aldatu den formazioa.

   Nymanek berebat idatzi zuen lan garrantzitsu bat 1974an musika esperimentalari buruz, "Experimental Music: Cage and Beyond", John Cagek musika klasikoko europar musikagileengan izan duen eragina aztertzen duena. Ezaguna da orobat "minimalismo" hitza aurrenekoa izan zelako musikan erabiltzen, The Spectator aldizkarian, Cornelius Cardew ingeles musikagilearen gaineko 1968ko artikulu batean.

   2005ean, Michael Nymanek bere diskoetxe propioa sortu zuen, MN Records, eta harekin instrumentuetarako obrak, operak eta soinu-bandak kaleratu ditu. 2008an, "Mozart 252" kaleratu zuen, BBCk, Mozarten 250. urteurrena zela-eta, eskatutako lana. 2008an berebat, "8 Lust Songs - Il Sonetti Lussoriosi" argitaratu zuen, Marie Angel sopranoarekin, eta orobat kaleratu zuen Sublime argazki-liburua.

   Horrez gainera, galeria batean egindako lehen erakusketa prestatu zuen, "Videofile", berak egindako argazkiak eta film laburrak aurkeztuz. Programa osagarri bezala, David McAlmont abeslariari lagunduz, kontzertu bat eskaini zuen interprete gisa. Programan bere piezak zeuden eta bere soinu-banda famatua, "Man With a Movie Camera", zinema mutuko klasikoarentzat (Dziga Vertov, 1929). 2009an beste opera bat estreinatu zuen, BBC Proms-en eskaeraz, Ennio Morriconeren 80. urtebetetzea zela eta.