Mikel Urdangarinek Euskaldunan aurkeztuko du zuzenean 'Izurdeen lekua' disko berria, abenduaren 26an

Mikel Urdangarin
EUSKALDUNA
Actualizado: jueves, 5 noviembre 2020 13:31

BILBO, 5 (EUROPA PRESS)

Mikel Urdangarin kantautore bizkaitarrak Bilboko Euskalduna jauregiko auditoriumean aurkeztuko du zuzenean 'Izurdeen lekua' izenburuko disko berria, datorren abenduaren 26an, 19:30ean. Duela bi urte hil zen ama omentzeko abesti sorta bildu du Zornotzako musikariak lan berrian, Euskaldunako iturriek jakinaraz dutenez.

Bi zatitan banatuko da abenduko emanaldia. Lehenengoan, ohiko taldekideen laguntzarekin, disko berriko 11 kantak aurkeztuko ditu Urdangarinek. Gainera, saiorako bereziki sortutako ekoizpen bisuala eramango du, "diskoa den soinu bandaren bidaide eta, aldi berean, oholtzan gertatuko denarekin uztartuko dena".

Kontzertuaren bigarren zatian, berriz, era libreagoan, kantautore zornotzarrak bere ibilbidetik aukeratutako abesti esanguratsuenak interpretatuko ditu.

Ehun minutuko kontzertua izango da, atsedenik gabe, osasun arloko segurtasun arrazoiak direla eta, eta Euskaldunako auditoriumaren edukiera 400 pertsonakoa izango da. Sarrerak www.euskalduna.eus webgunean eta ohiko beste bideetan eskuratu ahal izango dira, 22 eurotik aurrera (kudeaketa gastuak barne).